Maria Pinak kontratua berritu du Lointek Gernika Bizkaiagaz
2017-2018 denboraldirako taldea osatzeko lanean, klub gernikarrak egin duen lehenengo kontratu berritzea da.
Hegaleko jokalari valentziarrak bigarren denboraldia beteko du Gernika-Lumoko taldean. 29 urtegaz haren kirol ibilbideko momenturik onenetarikoa bizi du, eta azken denboraldian lortutako “emaitzak”, eta haren “lanerako etika” nabarmendu ditu klubak. 2016-2017 denboraldian, partida bakoitzean batez beste 11,4 puntu eta 4,3 errebote lortu ditu Pinak. Hala, minutu gehien jokatu dituen jokalaria izan da.
Kontratu berritzeagaz pozik, Gernika “bihotzera heldu” zaiola adierazi du valentziarrak, eta zaleen berotasuna eskertu du, Maloste bere “etxea” izatea eragin dutelako. “Klubaren identitate eta helburuekin bat egiten duten familia honen parte izatea zoragarria da. Aurreko denboraldia gehiagoren beharraz amaitu nuen; hobea izateko gogoz, eta partida gehiago irabazteko, eta lan gehiago egiteko gogoz”.
Erregina Kopan eta titulua lortzeko kanporaketan “zapore gazigozoagaz” geratu zela aitortu du Pinak, eta ondorioz, berriro horiek jokatu eta hobeto lehiatu gura ditu.
2017-2018 denboraldirako klubak talde lehiakorra osatuko duela argi du Pinak. “Klubaren lanarekiko erabateko konpromisoa eta errespetua ditut”.