Gernika-Lumoko XVI. Fitness Txapelketa,
16:30ean hasiko da Lizeo Antzokian. Antolatzaileek adierazi dutenez, 35-40 parte hartzaile espero dituzte, eta oraindik ere
izena eman daiteke Santanape Kiroldegian (94-625 00 45).
Aurten ere jendearen “modalitate gustokoenak” egongo dira:
Fitness neurri baxua zein altua,
body line hasiberriak zein fitness-a eta nesken
bikini modalitatea.
Antolatzaileek hasiberriak
parte hartzera animatu dituzte, eta batik bat neskei ausartzeko deia luzatu diete. Izan ere, momentuz izena eman dutenen artean neska bakarra dago.
Izena emandakoen artean zenbait faborito daude, tartean, iaz fitness baxuan nagusitu zen
Aitor Madariaga bermeotarra.
Body line hasiberrien erakustaldiagaz hasiko da txapelketa, eta ostean, body line fitness-eko parte hartzaileak igoko dira agertokia. Jarraian, nesken txanda izango da, eta horien atzetik fitness neurri baxukoak egongo dira. Amaitzeko fitness neurri altukoak oholtzaratuko dira.
Antolatzaileek Gernika-Lumoko Kirol Patronatuaren eta Arrien Optikaren eta Alkar eta Kebi kirol denden
laguntza eskertu dute.
Sariak
Fitness altuko zein baxuko irabazleek garaikurra, diploma eta 300 euro jasoko dituzte, eta bikini eta body line-ko modalitate bietako irabazleek 200 euro, garaikurra eta diploma.
Modalitate guztietan lehenengo hirurentzat dago diru saria, eta laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuei garaikurra eta diploma emango dizkiete.
Bestalde, fitness kategorian koreografia onena egiten duenak eguzkitako betaurrekoak jasoko ditu, Arrien Optikaren eskutik. Era berean, fitness baxuko onenari Kebi dendaren arropak emango dizkiote, eta fitness altukoak, Alkar dendaren arropak jasoko ditu.
Modalitate guztietako sariak:
- FITNESS NEURRI ALTUA/ FITNESS NEURRI BAXUA
- 300 euro, garaikurra eta diploma
- 200 euro, garaikurra eta diploma
- 100 euro, garaikurra eta diploma
- BODY LINE HASIBERRIAK/BODY LINE FITNESS/ BIKINI
- 200 euro, garaikurra eta diploma
- 100 euro, garaikurra eta diploma
- 50 euro, garaikurra eta diploma