Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzak aurten ere martxan du
irteera programa. Horren bidez, egoiliarrek astelehen eta bariku guztietan Bermeoko hainbat tokitara eta inguruko herrietara goizeko irteerak eta egun osoko lau irteera egin ahalko dituzte. Horrez gain, Guggenheim museora ere irteera kulturala antolatuko dute.
Egoiliarrak irteera batean Bakion. Argazkia: Bermeoko Udala
Programa horrek Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako egoiliarrentzat hainbat onura dakartza. Izan ere,
egoiliarrei egoitzatik kanpo egoteko aukera eskaintzen die, komunitatearekiko lotura mantenduz eta egoiliarren
autoestimua hobetuz. Era berean, Benito Ibarrolaza, Gizarte Ongizaterako udal Patronatuko lehendakari eragilearen esanetan, “programa hori martxan izatea oso garrantzitsua da, egoiliaren bizi kalitatea hobetzen duelako”.
Aurrez aipatutako astelehen eta barikuetako irteerei dagokienez, urte guztian zehar egiten dira.
Astelehenetan etxeko furgoneta egokituarekin egiten dituzte irteerak, eta zazpi egoile joaten dira
inguruko herrietara zein Bermeoko hainbat tokitara.
Barikuetako irteerak, bestalde,
Lameran izaten dira. Bertara gerturatzeko etxeko furgoneta egokituaren eta Bidaideak-eko furgonetaren laguntza izaten dute, eta gehienez 13 egoile joaten dira. Bertan,
lagunak ikusteko eta familiakoekin egoteko aukera izaten dute. Horretarako,
boluntarioen ezinbesteko lana azpimarratu dute udaleko arduradunek “beraiei esker, egoileekin lagun arteko giroan solasaldi politak sortzen dira”.
Irteera programaren barruan, aurten
egun osoko lau irteera egingo dituzte. Maiatzean, esaterako, Talan barbakoa egingo dute, ekainean Santimamiñen dagoen jatetxean bazkaria egingo dute eta abuztuan Bakiora bi irteera egingo dituzte. Talara eta Bakiora, esaterako, 30 lagun joango dira, bi talde txikitan banatuta eta egun osoko irteera hauetan ere boluntarioen eta egoileen familiarren laguntza izaten dute. Azkenik, aurtengo
irteera kulturalean, aurrez aipatu bezala,
Guggenheimera joango dira, ekainean. Bertan, bisita gidatu baten bidez museoa ezagutzeko aukera izango dute 20 egoile inguruk.