Severo eta Juanen arrastoen atzetik
Juan eta Severo Guenaga Zelaia etxebarritarren heriotza ikertu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek, eta 80. urteurrenagaz bat eginez, senideei jakitera eman diete aurkitu dutenaren berri.Gaurko egunez hil zen orain dela 80 urte Severo Guenaga Zelaia e...
Juan eta Severo Guenaga Zelaia etxebarritarren heriotza ikertu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek, eta 80. urteurrenagaz bat eginez, senideei jakitera eman diete aurkitu dutenaren berri.
Gaurko egunez hil zen orain dela 80 urte Severo Guenaga Zelaia etxebarritarra, eta egun gutxi aurretik, maiatzaren 12an, bere anaia Juan Guenaga Zelaia. Herrian beti jakin izan dute anaia biak 1936ko gerrak harrapatu eta hil zirela. Hala ere, familiak ez zeukan informazio gehiegirik, eta urteurrenaren harira, Juan eta Severo Guenagaren senideak bildu eta egin duten ikerketaren berri eman diete Ahaztuen Oroimena elkartekoek.Erregistro zibilak, udal artxiboak… toki guztietan ibili dira Ahaztuen Oroimeneko kideak miaketan, eta anaia bien historia osatu ondoren, senideekin elkartu dira Etxebarrian. Hitzordura joateko aukera izan zuten lau lobak eta beste hainbat senideek «pozik» jaso zuten, hainbat urtez jakin nahirik egon diren gertakarien berri.
Juan Guenagaren ibilbidea jarraitzea errazago egin zaiela azaldu dute Ahaztuen Oroimeneko kideek. Severo Guenagarena, berriz, ez horrenbeste. «Juanen heriotza argitzea errazagoa izan da. Dokumentazio eta ikerketa lanak argiago egin ahal izan dira. Baina Severo, inork ez zekien ezer, inon ez zegoen ezer».
Azkenean, Aranzadiko Jimi Jimenezi esker argitu dute Severo Guenagaren heriotza. «Getxon hobiratu zuten, eta horrela jakinarazi diogu familiari».
Gertaerak
Ahaztuen Oroimeneko kideek artxibo batean aurkitu dutenez, 1936ko azaroan Etxebarriko ebakuatu gisa erregistratu eta senideen baserrian, Munitibarko Aransolon errefuxiatu zen Juan Guenaga. Hurrengo, Barakaldoko Munoako koarteleraino jarraitu zioten pista. «Osasungitzari lotutako beharren batean aritu zen 1937ko martxoan eta apirilean. Maiatzean, Bizkargin zeuden Celta batailoi anarkistako kideak artatzea egokitu zitzaion. Bertan zauritu eta Basurtuko ospitalera eraman arren, hil egin zen. Bilboko hilerrian lurperatu zuten».
Severo Guenaga, berriz, ezkondu eta gerrara joan zen. Ustez Bizkargi inguruan zauritu eta ospitalera eraman zuten. «Heriotza-agirian dioenez, metrailak eragindako zaurien ondorioz hil zen, eta Getxon hobiratu zuten».
Ahaztuen Oroimenako kideek azaldu dutenez, maiatzaren lehenengo domekan elkartzen dira urtero Txorierri inguruko herritarrak Bizkargin, bertan borrokatu zuten gudarien omenez. Hori dela eta, egun berean, Severo eta Juan Guenagaren senideekin elkartu eta orain dela 80 urte gertatutakoaz jardun nahi izan dute.