Gaurtik barikura, Lizeoko agertokira igoko dira Gernika-Lumoko ikasleak
29. Antzerki Astean murgilduko da herria gaur, bihar eta etzi. Guztira, 160 ikaslek parte hartuko dute, eta egun bakoitzean bina antzezlanez gozatzeko aukera egongo daBeste urte batez, Eskolarteko Antzerki Astea hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia...
29. Antzerki Astean murgilduko da herria gaur, bihar eta etzi. Guztira, 160 ikaslek parte hartuko dute, eta egun bakoitzean bina antzezlanez gozatzeko aukera egongo da
Beste urte batez, Eskolarteko Antzerki Astea hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak. Gaur hasi eta barikura bitartean, herriko sei ikastetxetako ikasleen agertoki bilakatuko da Lizeo Antzokia. Hala, eskolan landutako antzezlanak erakusteko erakusleiho bikaina izango da datozen hiru egunetan Gernika-Lumoko txoko hori.Guztira, sei talde igoko dira taula gainera; alegia, 160 bat ikasle. Horien lanaz gozatzera joango direnak gehiago izango dira: 1.600 bat ikusle aurreikusten dituzte.
Antzerki Astea egiten duten 29. urtea da aurtengoa, eta urte horietan guztietan egindako lana azpimarratu nahi izan dute Gernika-Lumoko Hezkuntza Arloak eta Euskara Zerbitzuak: «Gernika-Lumoko irakaskuntza zentro guztietako begiraleen eta irakasleen lan handia dago horren atzean».
Hala, gogoratu dutenez, urteroko jarduera hori Udal Eskola Kontseiluan ikasturterako finkatzen den eskolaz kanpoko ekintzen barruan gauzatzen da, «umeak gizarteratzeko bidea jorratzea helburu» duena. Halaber, Gernika-Lumoko Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategikoaren barruan ere badago; izan ere, «euskararen erabilera areagotu eta ahozkotasuna landu» nahi dituzte.
Gaur, bihar eta etzi, beraz, saio bana egingo du udalerriko eskola bakoitzak; batzuek 11:00etan, eta gainontzekoek 15:00etan. Gaur, esaterako, Gernikako Institutuko eta Mertzede ikastetxeko ikasleen txanda izango da.
Ikasleek ikasleentzat egingo dituzten antzerkiak goizean eta arratsaldean izango dira, baina iluntzean emanaldiak errepikatu egingo dituzte, guraso eta familiakoak joan daitezen.