Bermeoko Beruala Hirigintza Elkarteak eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak
hitzarmena sinatu dute, Bermeoko Alde Zaharra Biziberritzeko Planaren baitan. Erakunde horretako zuzendari Santi Muruak gaur emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Bermeoko alde zaharra multzo kulturala da, eta
arkitektura ikasleen sormenak plan berezia berrikusterako orduan
eztabaida pizteko lagun dezake.
Arkitektura ikasleek
120 proiektu aurkeztu dituzte, Bermeoko alde zaharrean
hutsik dauden 19 orube bisitatu ostean. Sei taldetan banatuta, horientzako ideiak aurkeztu dituzte.
Euren lana egiteko ez diete oztoporik jarri, eta
sormena lantzeko aukera izan dute. Gero, beraien proposamenak jasota, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin aztertu beharko dute proiektu horiek bideragarriak diren ala ez. «Ikusi beharko da plan berezian barneratu daitezkeen eta araudiarekin bat egiten duten», esan du Muruak.
Bermeoko Udaleko Hirigintza eta Turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak, bestalde,
alde zaharra biziberritzeko erronka bat dela aipatu du. Bermeon eta beste hainbat herritan alde zaharrak husten ari direla esan du, eta egoera horrek kezka sortzen diela. «Ikasleek aurkeztutako proiektuen bitartez alde zaharra berreraikitzeko ilusioa piztu nahi izan dugu», azpimarratu du. Izan ere, proeiktu berritzaile eta ausartak aurkeztu dituzte, Ormaetxearen iritziz.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek udalak eta EHUko arkitektura eskolak sinatutako hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du.
Eskolako zuzendari Juanjo Agirrezabalagak, aldiz, Bermeoko Udalarekin sinatu duten bezalako
proiektuak aukera «paregabea» dira ikasleentzako. «Kale, inguru, hirigintza arazoei erantzun bat ematea eskatzen zaie, eta irakaskuntza arloan oso interesgarria da», aipatu du.
Egindako lana saritu. Ikasleek
aukera erreal bati erantzuna emateko aukera paregabea izan dutela aipatudute EHUko irakasle eta proiektuaren arduradun izan diren Ibon Telleriak eta Mikel Larretxek. «Ikasleek alde zahar bat nola birgaitu daitekeen aztertzeko aukera izan dute», esan du Telleriak. Era berean, ikasleek beren proiektuak garatzeko aspektu ezberdinak landu behar izan dituztela esan du: «Eraikina, instalazioak, okupazioa nola eman daitekeen. Azken finean, XXI. mendeko etxebizitza bat alde zahar batean txertatzen jakin behar izan dute».
Araudiari dagokionez, ez dute zorrotz errespetatu behar izan, ikasleen sormenari lekua emateko. Telleriaren esanetan,
irizpide libreago bati jarraitu diote ikasleek; «araudiaren aspektu batzuk jarraitu behar izan dituzte, baina arauekiko kritiko ere azaldu dira beraien proposamenekin». Irakasleak esan duenez, hori zen asmoa, aukera denak errealak ez diren arren, planteatu dituzten ideiak interesgarriak direlako.
Proiektu denen artean,
30-35 bat aukeratu dituzte, eta horiek
ekainaren 4a bitartean erakusten ipiniko dituzte Bermeoko
Nestor Basterretxea aretoan, maketa eta guzti.
Gainera, sailkatu dituztenekin
lehiaketa bat antolatzeko asmoa ere agertu zuen EHUko irakasleak; modu batera edo bestera, ikasleek egindako
lana saritu gura dute.