Gu be zuek gara elkartasun maratoiaren olatu horiagaz bat egin dute gaur ehunka herritarrek. Umeen minbiziaren ikerketan laguntzeko ekimenak antolatzaileen aurreikuspenak bete ditu.
Elkartasun maratoiaren
helburua Biocruces osasun ikerketa institutuaren Linfoma Linfoblastiko T-aren ikerketa genetikoa diruz laguntzea da, eta antolatzaileek esan dutenez, 30.000 euro biltzea lortu dute.
Gernika Atletismo Taldearen eta Ospitaleko Lagunartea guraso elkartearen deialdiak arrakasta izan du. Gernikar zein inguruko udalerrietako bizilagunek ez dute hutsik egin gura izan, eta beste behin agerian utzi dute elkartasunak ez duela mugarik.
Horren adierazgarri da, esaterako, tonbola solidarioan batu den jendetza. Herriko merkatari, ostalari, ikastetxe, enpresa eta norbanako askok emandako askotariko produktuak jarri dituzte, eta antolatzaileek horiek eman dituztenen laguntza eskertu dute.
Egun osoan jai giroa nagusitu da Pasealekuan eta inguruko kaleetan. Eguerdian Aittitta Makurra Txarangako kideak ibili dira kaleak musikaz girotzen.
Minbizia duten zenbait haurrek zinta moztu ostean, bost kilometroko lasterketa burutu dute ume, gazte zein nagusiek, eta ostean, 500 metroko lasterketa egin dute. Tipi-tapa, irribarretsu egin dute arineketan.
Gero, tailer, puzgarri eta jolasetan dibertitu dira umeak, eta esaterako, minbizia duten umeei babesa emanez, marrazki dotoreak egin eta Pasealekuan eskegi dituzte.
Halaber,
Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariek ere minbizia duten umeen kemena nabarmendu dute bertsotan.
Bertso saioa amaituta,
Segundo Olaeta Musika eskolako kideak igo dira oholtzara, eta ondoren,
The Uski’s eta Oxabiren erromeriak jarri diote doinua gaurko ekimenari.