Jende asko eta giro aparta, Ondarroako 17. Antxoa Egunean
Arrik eta Botxek ezustean eta pozik jaso dute Zilarrezko Antxoa. Cantabricok irabazi du pintxo lehiaketa. 7.000 antxoa pintxotik gora banatu dituzteEguraldi onak lagunduta, jende asko bertaratu zen Ondarroara zapatuan Antxoa Egunagaz gozatzera. 12:00et...
Arrik eta Botxek ezustean eta pozik jaso dute Zilarrezko Antxoa. Cantabricok irabazi du pintxo lehiaketa. 7.000 antxoa pintxotik gora banatu dituzte
Eguraldi onak lagunduta, jende asko bertaratu zen Ondarroara zapatuan Antxoa Egunagaz gozatzera. 12:00etan hasi zen festa, hiru turrun jota, eta goizaldeko orduk txikiak arte iraun zuen.Nasa kalean jarritako postuetan herriko elkarte gastronomikoek egindako pintxoak saldu zituzten herriko talde ezberdinek.
Cantabrico tabernako Naroa Bedialaunetak irabazi zuen pintxo lehiaketa, eta Zunbeltz Bedialauneta alkatearen eskutik jaso zuen irabazlearen txapela. Agurtzane Iriondok, Mari Karmen Oterok eta Josebe Anakabek osatu zuten epaimahaia, eta 22 puntu eman zizkioten irabazleari, Beikoziniri baino 2 gehiago eta Batzokiari baino 3 gehiago.
Herriko kaleak ere musikaz girotu zituzten egun osoan, Alde Zaharra, Alameda eta Itsasaurre batuz.
Aurtengo Zilarrezko Antxoa Jon Arrizabalaga Arri eta Jose Mari Aranbarri Botx bertsolariei eman diote. Oso pozik hartu zuten saria Iñaki Lersundi kultura zinegotziaren eskutik. Arrik eta Botxek herriak euren lana eskertzea eta aintzat hartzea pozgarria dela esan zuten: «Ez genekien ezer, azkenengo egunetan jakin dugu. Ez genuen espero, baina ezusteko polita izan da benetan».
Egunari amaiera emateko, Ezten Giro erromeri taldea igo zen Itsasaurreko oholtzara, eta bi saiotan herria dantzan jarri zuten taldeko bost neskek.