Gautegiz Arteagak HAPO-aren erredakzio eta aholkularitza lanak esleitu ditu
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren erredakzioa eta aholkularitza zerbitzuaren adjudikazioa egin du udalak. Hain zuzen, Erdu-Estudio de Renovacion y Desarrollos Urbanos S.L. enpresa izango da lan hori egingo duena. Gautegiz Arteagako kontratazio mahaiak hartu du erabakia, eta 157.179 euroan esleitu du, BEZ barne.
Herriko alkate Juan Felix Naberanek esan duenez, “herritarrek gure herriari buruz esan eta erabakitzeko daukaguna entzun, eta hori plan orokorrean gauzatzeko gai dan lan talde profesionala” izan da udalak bilatu duena. Izan ere, Naberanek dio hori ezinbestekoa dela etorkizuneko gautegiz Arteaga diseinatzeko. “Azpiegiturak, etxebizitzak, berdeguneak edota herriko diseinua planifikatzerako orduan, eta bizi kalitatea hobetu asmoz, herritarren beharrizanei lehentasuna ematea da udalaren helburua” –esan du alkateak–. “Herri moduan nora jo gura dugun plantzeatzeko ordua da. antolamendurako plan on bat edukitzeko ezinbestekoa da guztion partaidetza”.
Gautegiz Arteagako HAPO egiteko erredakzio eta aholkularitza zerbitzuaren kontratazioa prozedura irekiaren bitartez egin du udalak. Horretarako, kontratazio mahaiak aurkeztutako proposamenak baloratu ditu. HAPOaren aditu batzordeak, besteak beste, eskaintzaileek gehitutako hobekuntzak, memoria diagnostikoa, proposamen metodologikoa eta udalarentzat lehentasuna diren herritarren partaidetzarako bideak kontuan hartu ditu.
Gautegiz Arteagako Udalak esan duenez, herritarren partaidetza garrantzitsua da prozesu osoan. Horregatik, erredakzio taldea kontratatzerako orduan, landutako dikumentazioa herritarrei modu ulergarrian azaltzeko sesio informatiboak burutzea ere hartu dute kontuan.