Ibarrangeluk bosgarren nekazal azoka hartuko du domeka honetan
Bi urtean behin egiten dute azoka, eta 11:00etatik 15:00etara egongo dira salmahaiak irekita. Azokaz gain, argazki eta motor zaharren erakusketak ere ipiniko dituzte herrianIbarrangelutarrek bi urtean behin egiten duten nekazal azokagaz gozatzeko auker...
Bi urtean behin egiten dute azoka, eta 11:00etatik 15:00etara egongo dira salmahaiak irekita. Azokaz gain, argazki eta motor zaharren erakusketak ere ipiniko dituzte herrian
Ibarrangelutarrek bi urtean behin egiten duten nekazal azokagaz gozatzeko aukera izango dute domeka honetan. Bosgarren azoka da aurtengoa, eta, egun guztian, jai giroa nagusituko da Elexalde auzoan. 11:00etatik 15:00etara bitartean askotariko produktuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ibarrangeluko eta inguruko ekoizleen 25 postu egongo dira.Ortuariak, eztia, txakolina, patea, loreak, hegaluzea, euskal pastela, gazta, sendagai naturalak, parafina ekologikoa… Eskaintza zabala egongo da beste urte batez. Horrekin batera, herriko musika taldeen CDak jarriko dituzte salgai. Puntoz egindako arropak ere eskuratu ahalko dira, eta gainera, horiek zelan egiten dituzten erakutsiko dute.
Erakusketak
Aurtengo argazki erakusketa baserri munduari loturikoa izango da. Herriko baserritarrak haien abereekin agertzen diren argazkiak jarriko dituzte ikusgai.
Halaber, motor zaharren erakusketa da aurtengo azokako berritasun nagusia. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 20 bat motor eroango dituzte.
Ume eta nagusiek zaldian ibilalditxoak egiteko aukera izango dute aurten ere, Elantxobeko Zaldixen eskutik. Era berean, herriko eta Basondoko animaliak egongo dira. Jan-edana ere ez da faltako Talotxosnan. Taloakaz batera, indabak eta tripakiak prestatuko dituzte.
Musikaz girotua
Eguerdian Joseba eta Koldo trikitilariek izango dute azoka girotzeko ardura beren musikagaz, eta arratsaldean, berriz, erromeria egongo da. 18:00etan hasiko da Ilargi Beltza taldearen emanaldia.
Erromeriaren aurretik mus eta brika txapelketak jokatuko dituzte herritarrek.
Parte hartzeko asmoa dutenek 16:00etan izena eman beharko dute herriko kultur etxean edo txosnan (bikoteko 10 euro ordaindu behar dira). Hain zuzen, ordu erdi beranduago hasiko dira partidak.