Hipoteketako abusuzko klausulak erreklamatzeko orriak eska daitezke Bermeoko GOUPen
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak herritarren eskura jarri ditu hipoteka eratzean abusuzko klausua baten ondorioz sortutako gastuen erreklamazio orriak.
Era berean, kudeaketak errazteko helburuarekin, aurkeztu beharreko dokumentazioaren berri ere ematen dute. Egoera hori pairatzen duten herritarrek zalantzaren bat baldin badute edota informazio gehigarria behar dutenek, Bermeoko Gizarte Ongizaterako udal patronatuko kontsumo bulegoan hartu behar dute hitzordua.
Patronatutik adierazi dute, Eusko Jaurlaritzak prestatutako hipoteka eratzean abusuzko klausulak izan dituzten herritarrek erreklamazioak aurkeztu ahal izateko erreklamazio orri bateratua www.kontsumobide.net webgunean ere eskura daitekeela.
Halaber, bermeotarrek, aipaturiko erreklamazio orriak jaso edota informazio gehigarria behar izanez gero, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura jo beharko dute, astelehenetik barikura 9:00etatik 14:00etara bitartean.