Nordic Walking Guneen Sarean dagoen herri berria da Bermeo, eta
zailtasun ezberdina duten lau ibilbide eskaintzen ditu, «herritarrek eta bisitariek kirol horrekin gozatzeko aukera eskaintzen dutenak», esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.

Bermeoko Udaleko eta Geotech enpresako ordezkariak ibilbideak aurkezten
Era eta adin guztietako pertsonek egin dezakete Nordic Walking, eta bere helburua «osasuna hobetzea, eta, aldi berean, herriko paisaia eta kulturaren altxorrak ezagutzea» dela nabarmendu du alkateak.
Ibilbide guztietan seinaleak jarrita daudela azaldu dute, eta horiei buruzko
informazioa Turismo bulegoan, Araneko kiroldegian eta
www.nordicwalkinggunea.net webgunean aurkitu daiteke. Webgunetik, gainera,
aplikazioa mugikorretara jaisteko aukera eskaintzen du.
Lau ibilbide aurkeztu dituzte:
- Demikuko ibilbidea. 3,9 kilometro ditu; ordu bat eta bost minutatan egiteko modukoa. Martxa hori ibilbide nordikoan hasi nahi dutenentzat ezin hobea dela diote. Ibilbidea Bermeoko portuan hasten da, eta, gutxi-gutxika, Demiku auzorantz hurbiltzen da.
- Araneko ibilbidea. Eskuragarri bezala izendatzen da, 7 kilometrokoa da eta bi ordutan egitekoa, hain zuzen ere. Ertzilla dorrea eta Santa Maria elizatik hurbil doa ibilbidea, osasun etxea igarota, ibilbideak futbol zelaia eskumatara utzita jarraitzen du. Bidean baserriak eta landak aurkitzen dira eta Landabaso industriagunea zeharkatzen du ibilbideak, hasierara itzuli aurretik.
- Almikako ibilbidea. zorrotza bezala kalifikatzen da. 15,3 kilometrokoa delako eta malda duelako. Lau ordu eta 25 minutuko ibilbide horrek, Sollubeko paisaiaz disfrutatzeko aukera ematen du. Bermeotik aterata, Almikarantz abiatzen da ibilbidea. Arranotegi auzotik hurbil pasatzen da eta Garbola mendiaren ia gailurrera igotzen da. Burgoa mendira heldu aurretik, Arane auzorantz jaisten da, berriro Bermeora itzultzeko.
- Arranotegiko ibilbidea. Oso zorrotza bezala izendatu dute; 24, 3 kilometro ditu eta zazpi ordukoa da. Lehenik eta behin, ibilbidea Bermeoko Kurtziorantz doa. Tribisetik eta Mañutik pasatzen da, gero Burgorantz egiteko. Ondoren, Gaztelugatxeko San Juaneko bide zaharretik Araneko auzora heltzen da. Hortik, herriko erdigunera bueltatzen da.
Bermeoko Kirol Patronatua 2013. urtean hasi zen Nordic Walkingari buruzko prestakunttza ematen. Itxaro Zabala kirol arduradunak azaldu legez, «oso harrera ona duen ekintza bat dela ikusita, Bermeo Nordic Walking gune izatea baloratu genuen eta horrela egin dugu».
Orain arte, 100 pertsona baino gehiagok jaso dute Bermeoko Kirol Patronatuan martxa ipartarrari buruzko prestakuntza, eta hurrengo aukera maiatzean egongo dela jakinarazi dute; izan ere, hileko kirol ekimenaren baitan, Nordic Walking ikastaroa eskainiko dute.
Ibilbideak diseinatzerako orduan, Bermeoko Udalak Geotech enpresaren laguntza izan du.