GED Lea-Artibai: «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»
Maiatzaren 7an egingo den galdera ezagutzera eman du herri dinamikak. Parte hartzea bultzatzeko kanpaina abiarazi dute. Botoa ematera deitu dituzte herritarrakArgitu da. Iragarrita zegoen modura, Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k maiatzaren 7an Lea-Artiba...
Maiatzaren 7an egingo den galdera ezagutzera eman du herri dinamikak. Parte hartzea bultzatzeko kanpaina abiarazi dute. Botoa ematera deitu dituzte herritarrak
Argitu da. Iragarrita zegoen modura, Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k maiatzaren 7an Lea-Artibaiko 11 herrik egingo duten galdera jakitera eman du: «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?». Eta galdera jakinarazteaz batera, parte hartzea bultzatzeko kanpainari hasiera eman dio.Ondarroako Beikozinin egin zuten ekitaldia zapatuan, eta han bildu ziren galdeketa egingo duten herrietako ordezkariak: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Ekitaldia Ugaitz Alegria eta Ainhoa Etxebarria aktore ondarrutarrek gidatu zuten, eta, besteak beste, herri dinamikek lau urte atzerago hasitako bidea errepasatu zuten: «2014an giza kate erraldoia egin genuen, eta 2015ean erabakiak ehuntzeko ehunka oihal josi genituen. Gutxinaka-gutxinaka, Gure Esku Dago herri dinamikak gorpuzten eta indartzen joan dira». Bidea «luzea bezain oparoa» izan dela esan zuten, erabakitzeko eskubidearen aldarria Euskal Herri osoan zabaltzen eta gauzatzen dabiltzala gaineratuz.
Olatua hartzeko unea
Iaz Ispasterrek egindako galdeketa egunean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik egikaritzera pasatzeko konpromisoa hartu zuten Lea-Artibaiko gainerako herriek. «Orduan ozen esan genuen 2017an Lea-Artibain ere erabaki egingo genuela».
5.259 sinadura batu, galdeketa eguna erabaki eta galdera adostu eta gero, olatua badatorrela diote. «Orain erabakitzearen aldeko faseari ekingo diogu. Jendea erakartzeko sasoia da, beldurrak uxatzekoa. Nork ez du nahi bere geroa erabaki?».
Erabakiaren aroan sartuta, orain, inoiz baino gehiago, protagonista nagusiak herritarrak izan behar direla esan zuten. «Honek ez dauka atzera bueltarik. Guztion erronka da. Geurea da erabakia, konplexurik gabe. Maiatzaren 7an herritar guztiei hitza ematera goaz.
Amaitzeko, abestia eta Josu Arrate (Txorixe) markina-xemeindarrak egindako bideoklipa aurkeztu zuten. Eta eskerrak eman zizkieten bidelagun dituzten guztiei. «Denok gara beharrezkoak! Gurea da hitza eta erabakia! Parte hartu eta bozkatu!».
Datozen hitzorduak
Galdeketa eguna ailegatu aurretik, apirilaren 25ean, hitzaldia emango dute Garbiñe Biurrunek, Angel Oiarbidek eta Xabier Barandiaranek Markina-Xemeinen. Lea Artibai ikastetxeko areto nagusian jarri dute ordua, 19:00etan. Gaia: Herri galdeketak eta erabakitzeko eskubidea.