Eskaintza zabala egongo da Elantxobeko bigarren eskuko merkatuan
Domekan 11:00etatik 15:00etara egongo da azoka portuko Tinglauan.
20 saltoki jarriko dituzte eta horietan askotariko produktuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: bitxiak, birziklaturiko materialekin egindako jostailuak, artisau produktuak… “Sare sozialetan zabaldu dugu, eta Bizkaiko leku desberdinetatik etorriko dira bigarren eskuko gauzekin. Esate baterako, batzuk Bermeotik eta Ezkerraldetik datoz”, zehaztu dute antolatzaileek.
Horrekin batera, artilea lantzen duen artisau batek erakustaldia eskainiko du, eta birziklaturiko materialekin eskulanen tailerra ere egingo dute.
Gainera, Elantxobeko Zaldixek taldekoen eskutik, gura dutenek portutik zaldi gainean paseatzeko aukera izango dute.
Ekotaloak
Azoka girotzeko edarien txosna eta Ekotalo txosna jarriko dituzte portuan. Ekotaloko kideek begetariano eta beganoentzat arto ekologikoagaz egindako taloak prestatuko dituzte. Horrela, taloak bakailoagaz, barazkiekaz edota gaztagaz jateko aukera eskainiko dute
Tantai Komunitatearen Elkarteko kideek azaldu dutenez, ongintzako elkarteren edo gobernuz kanpoko erakunderen batera bideratuko dute bigarren eskuko merkatuan biltzen duten dirua.