Giza eskubideen aldeko aldarria kalean egon da zapatu osoan
Ondarroako talde eta norbanakoak Alamedan batu dira txandaka, Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden preso guztien etxeratzea eskatzekoOndarroako talde, elkarte eta norbanakoak giza eskubideen urraketen kontra kalera irten ziren zapatuan. Euri, h...
Ondarroako talde eta norbanakoak Alamedan batu dira txandaka, Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden preso guztien etxeratzea eskatzeko
Ondarroako talde, elkarte eta norbanakoak giza eskubideen urraketen kontra kalera irten ziren zapatuan. Euri, haize zein aterri, 10:00etan hasi eta 20:00ak arte, hainbat lagun batzen joan ziren Alamedan egin zen egonaldi txandakatura. Berandu izan baino lehen, Ibon Iparragirre herritarra eta larriki gaixo dauden beste preso guztiak etxera ekartzea eskatu zuten.Herriko 28 taldek hartu zuten parte egonaldi txandakatuan. Ordu erdiro txandak aldatzen joan ziren, eta norbanakoek taldeen txanda batera edo bestera batzeko aukera izan zuten. Ondarrutarrez gain, eskualdeko bizilagun batzuk ere hartu zuten parte ekitaldian. Gaur egun 13 dira larriki gaixorik dauden presoak, eta horiek ere pertsona guztien eskubide den osasunerako eskubidea daukatela aldarrikatu zuten pankarta atzean edo poltsak eskuetan hartuta.
Pankarta hartzen lehen taldeak Ernai, Eguzki eta Gure Esku Dago izan ziren, eta haien ondoren txandakatzen joan ziren ordu erdiro, atsedenik barik, OHZ eta Radixu, Artelan eta Aurrera FT, Kresala eta AEK, Garraxika, Harrera elkartea, Ondarroako Udala, Tramana & Brix, Salserak, Sortu, Aurrera Mendi Taldea, Etxelilako taldeak, Oilotokixe, Portuko Ranpi, LAB, OGA eta Mirentxin, Aitzol eta Botxen lagunak, Bertsolariak eta Bateleroak eta Zeuk Pentsa kuadrilli.
19:30etik 20:00etara egin zen elkarretaratzerik handiena; talde denak batu ziren Alamedan Etxerat eta Iparra Galdu Baik elkarteekin batera, txandakatzeari amaiera emateko.