Bilboko BBK salan jokatu zen barikuan, giro ederrean, 25. Bertsolari gazteen BBK sariketaren finala. Busturialdea eta Uribe Kosta taldeak lehiatu ziren, eta, azkenean,
Busturialdeak batu zituen puntu gehien. Uribe Kostak 359.50 puntu lortu zituen; Busturialdeak, ostera, 380.50 puntu.
Honakoak izan ziren talde bakoitzean kantatu zuten bertsolari gazteak: Busturialdean 18 urtera artekoak: Julen Karrion, Peio Garrikaetxebarria eta Beñat Bilbao; 19-24 urte bitartean: Ibai Amillategi, Lurdes Ondaro eta Mikel Retolaza. Uribe Kostan, 18 urtera artekoak: Irene Ezkurra, Aritz Landeta eta Unai Mendiburu; 19-24 urte bitartean: Paule Loizaga Inazio Vidal eta Kerman Diaz.
Finaleko sari emote ekitaldia. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Itxaro Juaristi Olaetxeak aurkeztu zuen saioa eta epaimahaia Juanjo Respaldizak, Jurgi Fuentesek eta Miriam Juaristik osatu zuten. Idazkari lanetan, ostera, Ione Narbaiza Gallastegi aritu zen.
Aurtengo
sariketa berezia izan da, 25 urte bete baititu. Hori ospatzeko, Iratxe Ibarra Foruriaren bertso jarriak kantatu zituen publikoak, bertsolariak berak eta Eire Larrea gitarra joleak lagunduta. Ibarrak BBK sariketaren lehenengo edizioan bertan parte hartu zuen, eta edizio hura irabazi, gainera, Lea-Artibai taldearekin. Bizitako esperientziari jarri zizkion bertsoak Ibarrak, eta sariketa sortu zuten Jon Lopategi eta Joserra Bilbaori eman zizkien eskerrak.
Bestalde, azpimarratu beharra dago finaleko
Bizkaiera onenaren saria Busturialdeko Ibai Amillategik jaso zuela, Iratxe Ibarraren eskutik.
Sari banaketa ekitaldian Leire Aragon BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta Iratxe Ibarrak hartu zuten parte. Saria emateko ekitaldiaren ostean, eta sariketari amaiera egokia emateko, luntxa egon zen bertaratu ziren guztientzako.