Geroa, gaur, herritarren eskura
Busturialdeko herritarrek beren etorkizunari buruz iritzia emateko dute gaur. Gure Esku Dago ekimenak bultzatuta, herri galdeketak egingo dituzte eskualdeko 16 herritan. Gainera, herri izaera duten zenbait herritako auzoetan ere beren etorkizunari buruz erabakiko dute.
Ajangizko, Arratzuko, Bedaronako, Bermeoko, Busturiko, Eako, Ereñoko, Errigoitiko, Foruko, Gautegiz Arteagako, Gorozikako, Gernika-Lumoko, Ibarruriko, Kanaleko, Kortezubiko, Mendatako, Morgako, Muruetako, Muxikako, Nabarnizko eta Natxituko bizilagunek beraien etorkizunari buruz galdetuko dien galdera erantzungo dute, hain zuzen.
Kanalan, gainera, beren auzoan lehenengoz bozkatu ahal izango dute hango herritarrek, eta Gorozikan ere, azken urteetan hauteskundeetan ez bezala, han bertan bozkatzeko aukera dute. Guztira, Busturialde osoan 39. 146 lagun deitu dituzte gaur botoa ematera. Eskualdeko bi herri handienetan –Bermeo eta Gernika-Lumo– guztira, 28.897 herritarrek izango dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera.
Adostutako galdera. Herri bakoitzak bere galdera egingo du, aurretiaz tokian toki adostutakoa.?Hala ere, zehatz esanda, guztira lau galdera dira Busturialdean egingo dituztenak: “Nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritar izan? Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar? Nahi al duzu Izan euskal estatu burujabe bateko herritar? edo Euskal herritarra izanik, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zaude?” Gorozikak eta Ibarrurik, herri galdeketa baliatuko dute beren herriari buruzko galdera egiteko ere.
Hala, frankismo garaian Muxikari batutako bi herri horietan Muxikako Udalean ordezkaririk izan behar duten ere galdetuko diete heritarrei.
Emaitzak 20:30ean. Herri gehienetan 09:00etan emango diote hasiera apirilaren 2ari. Mahaiak zabaldu, eta Busturialdeak eguneko lehen adierazpena ordu horretan egingo du, Bermeon. Eguneko ekitaldiak Goiko plazan izango dira. Herri gehienek goizetik gauerako egitaraua prestatu dute. Jai giroan egingo dute, beraz, herri galdeketa. Busturialdeko emaitzak 20.30ean emango dituzte jakitera, Gernika-Lumon egingo duten ekitaldian. Pasealekuan jarri duten karpan egingo dute egunaren balorazioa. Era berean, domekarako Gernikan antolatu dituzten ekimenak ere Pasealekuan egingo dituzte. Herriz herri, jardueraz jarduera, kalera ateratzeko eta parte hartzeko deia egin dio Gure Esku Dagok Busturialdeari.
Mahaiak.
Bermeo:
– 2 mahai. Kafe Antzokian.
– 2 mahai. Kabidxen.
– 1 mahai. Talan, Kate Sarearen lokalean.
– 2 mahai. Atalden.
– 2 mahai. Erriberan.
– 2 mahai. Lameran, liburutegi aurrean.
– 2 mahai. Portalen, fariletako arkupean.
– 1 mahai. Almika auzoan, aterpetxean.
– 1 mahai. Mañun, aterpetxean.
Gernika-Lumo:
– 1. Lurgorri, eskola aurrean.
– 2. San Kristobal plazan, Eguzki tabernaren aurrean.
– 3. Juan Calzada 78. zenbakian.
– 4. Pasealekuan.
– 5. Merkurion.
– 6. Foru plazan.
– 7. Domingo Alegria, 6. zenbakian.
– 8. San Juan Ibarran.
– 9. Carlos Gangoiti, 3 zenbakian.
– 10. San Bartolome, Mertzede ikastetxearen aurrean.
Ajangiz:
– 1. Herriko plazan.
Busturia: Axpen, udaletxe aurrean eta Altamiran, eliza aurrean.
Mendata: Frontoian.
Morga: Elizako aterpean.
Forua: Muinagorri elkartean.
Ereño: . Herriko plazan.
Errigoiti: Eleizalde auzoko Andra Mari elizaren aurreko landan.
Ea- Natxitua-Bedarona: Eako frontoian eta Natxituko elizpean.
Arratzu: Herriko plazan.
Murueta: Kanpantxua auzoan, elizpean.
Gautegiz Arteaga: Herriko plazan.
Nabarniz: Elizaren aterpean.
Kanala: Gizarte Etxean.
Kortezubi: Herriko plazan.
Muxika-Gorozika-Ibarruri: Muxikan, Zubieta errotan; Gorozikan, Gaukari auzokide elkartean. eta Ibarrurin Saltsamendiren egoitzan.
Apirilaren 2rako egitaraua, herriz herri: hemen.