50.000 herritarrek hitza emango dute gaur Busturialdean eta Arrigorriagan, “zilegitasun, legaltasun eta berme guztiekin antolatutako herri galdeketen bidez”, esan du goizean Ana Tere Bengoetxeak hautestontziak ireki berri. Bengoetxeagaz batera, gaur arte, herri galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariak izan dira goizeko lehenengo agerraldian. “Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako, herritarron garaia delako, gure esku dagoelako dei egiten diegu 18 herrietan bota emateko aukera duten herritar guztiei parte har dezatela. Erabakitzen hasi gara eta erabakitzen jarraituko dugu”.
![Ana Tere Bengoetxea, eguneko lehenengo agerraldian](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2017/04/IMG_7109-1024x684.jpg)
Ana Tere Bengoetxea, eguneko lehenengo agerraldian
“2017ko galdeketen olatua indartsu zetorrela esan genuen eta esandakoa gauzatzen ari gara; olatuz olatu eta herriz herri”, esan du Bengoetxeak. Martxoaren 19an Oarsoaldean, Tolosaldean, Larrabetzun, Astigarragan eta Hernanin, 30.000 herritarrek euren botoa eman zutela gogorarazi du Bengoetxeak: “Euren botoarekin herri honek pauso bat gehiago eman zuen bere etorkizuna libreki erabakitzeko bidean”. Egun horretan, baina, ez zela ezer amaitu gaineratu du, “bide luzea baitugu aurretik, eta gaur bide horretan beste urrats sendo bat egitera goaz”. Izan ere, gaur olatua kostaldetik iritsi da Bizkaira.
Herritarren borondotea eta konpromisoa “geldi ezina” dela erakutsiko da gaur, beste behin ere.
Herri galdeketez gain, garrantzi handiko beste ildo berri bat martxan jarri dutela azaldu du, Herritarron Ituna: Erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak biltzen dituen itun demokratikoa da, hain zuzen ere. Ekainaren 10ean aurkeztuko dute Bilbon, eta mobilizazio jendetsua deitu dute aurkezpena egiteko. “Egun horretan guztion artean adieraziko dugu euskal herritarrok erabakitzeko prest gaudela eta galdetuak izan nahi dugula”, adierazi du Bengoetxeak.
Botoa emateko
hainbat mahai jarri dituzte Busturialdean.
Eguneko lehenengo argazkiak
hemen ikusgai.