Bazkaritan edo afaritan, Gure Esku Dago ekimenak mahaiaren bueltan batuko ditu heritarrak martxoaren 18an. Foruan, Mendatan eta Natxituan, bertso bazkaria, herri bazkaria eta kantu afaria antolatu dituzte, hurrenez hurren.
Foruko bertso bazkaria Muñagorrin egingo dute, eta txartelak Urdaibai tabernan jarri dituzte salgai. Nagusiek 20 euro ordaindu behar dituzte, eta umeek 10 euro. Asier galarza, Ander Elortegi eta Ibai Amillategi bertsolariek girotuko dute bazkaria.
Lehenago, 11:00etan, umeentzako jolasak eta eskulanak egongo dira kultur etxean, eta Gure Esku Dagoko materiala sortzeko auzolana ere egingo dute. Ondoan, frontoian, Foruko umeek pilota partidua jokatuko dute.
13:30ean, berriz, Forua eta Murueta arteko sokatira desafioarekin gozatu ahal izango dute herritarrek. Murala egingo dute ostean, eta horretan ere lagun dezakete herrtitarrek.
Mendatan eta Ean, mendi ibilbidea. Mendatarrak ere bazkaltzeko bilduko dira zapatuan, Gure Esku Dago-k deituta. Artape tabernan eingo dute herri bazkaria, eta han bertan eman behar da izena. Nagusiek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta umeek 5 euro. Natxituan, kantu afaria egingo dute, eta Gu ta gitarrak taldeak girotu du. Izena emateko azken eguna martxoaren 15a da.
Bai Mendatan, eta baita Ean ere, mahaian eseri aurretik mendi ibilbidea egiteko aukera izango dute herritarrek. Martxoaren 18an, Mendatatik Montolanera joango dira mendatarrak oinez. 11:00etan aterako dira, Elexaldetik. Ean, berriz, 5,5 kilometroko mendi martxa egingo dute zapatuan. 10.00etan aterako dira, Eako plazatik. 12.00etan hamaiketakoa egingo dute. Domekan, aldiz, BTT martxa egingo dute Ean. Iluntzarrera igoko dira, bizikletarekin. 09:00etan aterako dira, Eako plazatik.
Buturian kantuan eta hitzaldia Kortezubi. Busturian, berriz, kantuen inguruan bilduko dira zapatuan. 19.00etan hasita, kantu kantari ibiliko dira tabernarik taberna. Gure Esku Dago-ren kantua eta
Zenbat gera? abestia kantatuko dituzte.
Kortezubin, Onintza Enbeita eta Izaskun Juaristi izango dituzte gonbidatu, zapatuan emango duten hitzaldian.
Zer da Gure Esku Dago? eta Nola izan zen Ispasterren? galderei erantzungo diete bi gonbidatuek. Liburutegi gaineko gelan emango dute hitzaldia, 19:00etan, eta ostean merienda egongo da.
Bedaronan, kantaldiagaz gozatzeko aukera izango dute heritarrek, martxoaren 19an, 12:30ean, frontoian.
Apirilaren 2ra bitartean, herri galdeketaren aldeko hainbat ekimen egingo dituzte herriz herri, eta martxoaren 25ean eskualde mailako ekimena egingo dute Gernika-Lumon. Bizkaia osoan, Busturialdea izango da eskualde bezala galdeketa egiten lehena. Martxoaren 11n, Lizeo antzokian,
herri galdeketaren aurkezpena egin zuten, herritarren babes zabalarekin.
Gure Esku Dago
aurretiazko botoak batzen hasiko dela iragarri du. Horrez gain, informazio mahaiak jarriko ditu aste honetan, hainbat herritan.