Martitzeneko azokako saltzaileek euren salmahaiak jartzeko aukera eduki zuten atzo. Hala,
lehenengoz egin da azoka Goiko Plazan. Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarralozak jakinarazi duenez, «saltzaileek
aste bateko luzapena eskatu zuten baldintzetara egokitzeko, eta
udalak luzapen hori onartu die».
Herritarrak azokako postuetako batean
Ibarrolazak gogorarazi duenez, joan den astean egin behar zen lehenengoz martitzenetako azoka Goiko Plazan. Saltzaileek, baina, ez zituzten baldintzak bete, eta ezin izan zuten azoka egin. Egoera horren aurrean, udala saltzaileekin batzartu zen, eta estalkiari eta postuen neurriei dagozkien proposamenak jasotzen zituen idazki bat egiteko proposamena egin zien. Saltzaileek, hala ere, estalkiaren proposamena baino ez zutela egin esan du udalak.
Baldintza berriak. Saltzaileek
beste estalki mota bat proposatu dutela esan du Ibarrolazak, eta zerbitzu batzordean aztertu ostean,
tokiko gobernu batzordeak onartu du, aho batez. Saltzaileetako batzuek atzo estalki hori bazutela adierazi du zerbitzuetako zinegotziak.
Bestalde, nahiz eta saltzaileen eskarian ez jaso, horien aldarrikapen bat izanik, neurriei buruz honakoa onartu du udalak: «Goiko plazako
postuek 3 metroko zabalera (lehen 2,5 metro) izango dute, kasu bakoitzean 5 edo 8 metroko luzera originala mantenduta;
ez, ordea, Ertzilla kalean kokatutako postuek.
Horiek, 2,5 metroko zabalera mantendu beharko dute,
legez eta teknikoki ezinezkoa delako zabalagoak izatea. Hala, Ertzilla kalekoen kasuan, legez hobari ekonomikorik emateko aukera dagoen aztertuko dute».
Ibarrolazak argitu duenez, «datorren astean,
martxoaren 21ean, saltzaileek ezinbestekoa izango dute adostutako baldintzak betetzea; horrela ez balitz, ez liekete euren postuak jartzen utziko, eta, egoera errepikatuz gero, saltzeko baimena galtzeko arriskua ere edukiko lukete».
Saltzaileek datorren astean baldintza guztiak betetzea espero du udalak, «aurrerantzean, martitzenero, azoka Goiko Plazan normaltasunez egin ahal izateko».