Euskaraz edonoiz, edonon eta doan hitz egiteko aukera ematen duen plataforma da Mintzanet, zeinek tableta, mugikorra edota ordenagailua (kamera, mikrofono eta entzungailuekin) eta interneterako konexioa soilik eskatzen dituen.
Mintzanet-eko bidelagun eta bidelariaren arteko konexioa.
2012. urtean sortu zuten Mintzanet, eta erabiltzaileek diotenez, tresna “erosoa, gertukoa, lagungarria, doakoa, aberasgarria, gomendagarria…” da. Hain justu, bidelariek eta bidelagunek parte hartzen dute; euskara praktikatu nahi dutenak dira lehenak, eta bide horretan laguntzen dietenak dira besteak. Azken horiek ez dira euskara irakasleak izaten, soilik erakusteko gogoa daukaten euskaldunak. Bidelariei gutxieneko euskara maila (A2 edo B1) izatea eskatzen diete Mintzanet-en parte hartu ahal izateko; alegia, gutxieneko elkarrizketa bat mantentzeko gai izan behar dira bidelariak. Hala, elkatrukean, bakakarkako mintzapraktikaren saioak egiten dituzte bakarka, nork aurretiaz adostutako egun eta orduan.
Gaur goizean egin dute, hain zuzen ere, Mintzanet-en aurkezpena, Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Bertan izan dira Ainara Loiarte eta Cristina Tapia Mintzanet proietuaren koordinatzaileak, eta baita zenbait bidelari eta bidelagun ere.
Mintzanet proiektuaren aurkezpena egin dute gaur, Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Mintzanet zertan datzan azaldu ostean, berau erabiltzen dutenen datuak ere eman dituzte Loiartek eta Tapiak. Orain arte egin diren saioak guztira 11.500 izan direla jakitera eman dute, eta 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dutela izena azaldu dute. Halaber, parte hartzaileen adin tartea 17 urtetik 90 urtera bitartekoa dela aipatu dute, eta parte hartzaile kopuru handiena (%64) 30 urtetik 60 urterako tartean dagoela zehaztu dute. Sexuari dagokionez, halaber, %57 emakumezkoak direla eta %43 gizonezkoak gaineratu dute. Bidelagun eta bidelari gehienak (%74), berriz, Euskal Herrikoak dira, Loiartek eta Tapiak azaldutakoaren arabera –%20 atzerrian bizi da eta %6 Espainian–.
Aurkezpenera bertaratutako herritarrek proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki dute gaur. Gainera, Uruguaykoa den bidelari baten eta Gernika-Lumon bizi den bidelagun baten esperientziak ezagutzeko aukera ere izan da, internet bidez egindako konexioari esker.
Webgunean izena ematea
Euskarazko mintzapraktika egin nahi duenak, beraz,
www.mintzanet.net webgunera jo behar du, eta izena eman. Bertan zehaztutako egunaren eta orduaren arabera aurkituko diote izena ematen duen horri euskaraz aritzeko bikotekidea. Bidelagun zein bidelari izan nahi dutenak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta bidelariak bidelagunen zain daudela gogorarazi dute. Halaber, euskalkiak ez direla oztopo mintzapraktika egiteko argi utzi nahi izan dute; alegia, batua ez dela derrigorrezkoa parte hartzeko.