Material ezberdinak erabilita egindako txoriak, arrainak, insektuak, animalia anitzak eta
Jose Azulen buruan «zehazki aztertuak» izan diren konposaketa iradokitzaileak aurki daitezke Busturiko San Bartolome auzoan kokatuta dagoen
Ekoetxea Urdaibain.
Safari Metalikoa izena jarri dio Azulek, Ekoetxea Urdaibain jarri duen aldi baterako erakusketari.
Animaliak eta lanabesak maite ditu, eta agerian geratzen da Busturiko erakusketan.
Mendi, landa, bide edo errekako harriak, ezertarako balio ez duten zurak, bere garaian aldamio hodi baliagarriak ziren utzitako hondakinak, josteko makinak, latak edota gasolina latontziak, burdin birziklatu edo landuak, aitzurrak, igitaiak, ferrak, kateak, aiztoak, motorrak edo traktore zaharren bat… Horien guztien konbinaketa konplexua eginez,eta bere eskuetatik eta sutegitik pasatu ostean, animaliek bizia hartzen dute. Bere lanen formak errealitatearen ordezpakenak dira. Ondo esan daiteke, Azulek materialak batzen dituela eskulturan bihurtzeko.
Oraingoan, Ekoetxea Urdaibai barrura sartu gabe, kanpoaldean, sarrera ondoan, bisitariak barruan aurkituko duenaren lagin bat ikusiko du; Azulek sortutako bi arrainek ematen baitute ongietorria.
Ibilbidea. Jose Azulen karrera artistikoa burdin lanagaz lotutako enpresa batean hasi zen. Komertzial gisa lan egiten zuen enpresa horretan. Gutxi-gutxika konturatu zen txinpartek, burdinaren beroak eta maitasunez eta irmotasunez lantzean metalak hartzen dituen forma ezberdinek, bere bizitza motibatzen zutela.
Hori dela eta, bere tailerrean elementu naturalak nahasten hasi zela dio; hezurrak edota harriak burdin metalarekin nahasten hasi zen. Nekazaritzarako erabiltzen diren lanabesak eta erreminta zaharrak, «ondo landuz gero», figura eta animalia ezberdinak gordetzen zituztela ohartzen hasi zen, eta horrela hasi zen eskulturak egiten.
Safari Metalikoa erakusketa bisitatu gura duten horiek
maiatzaren 21erarte izango dute aukera, eta
sarrera doakoa da.