1966. urtean sortu zuten Bermeoko Eleizalde ikastola. Frantziskotarren laguntzarekin eman zituen lehen pausoak, haiek utzitaako lokalean hasi baitziren eskolak ematen. 1978. urtera arte egon ziren han Derrigorrezko Hezkuntzako mailak, Arenera pasatu aurretik. Haur Hezkuntza, ordea, gaur egun Erreten Lamera den gunean mantendu zuten 1983. urtera arte. Urte hartako uholdeek den-dena suntsitu, eta gaur egun ikastola dagoen tokiak hartu zituen aurrerantzean maila guztiak.
Eleizalde ikastolako zuzendari Iñaki Beitiak gogoratu du gaztea zenean pozik joaten zirela frantziskotarrek utzitako lokalera, klaseak hartzera. Sasoi hartan, kastolaren sortzaileek momentu gogorrak bizi izan zituztela argitu du. Hala ere, arerioak izan arren, lagunak ere bazituztela esan du gaur Taraskan egin duten ekitaldian.
Lagun horiek frantziskotarrak ziren, eta haiei omenaldi xumea egin die ikastolak gaur. “Lagunak izan ditugu beti, bai gu laguntzen eta, gugaz batera, euskara eta euskal kultura zaintzen eta zabaltzen. Denok herrian sartuak” –esan du Beitiak–. “Lan horri esker, haziak fruitu ederrak ematen ari da, eta hori eskertu behar da. Guzti horregatik, 50 urte betetzen ditugunean, frantziskotarrak omendu gura ditugu, egindako lana eskertuz”.
Elkarlana agerian. Pedro Laspiurrek egindako plaka ipini dute Taraskan, eta hari ere eskerrak eman dizkio ikastolak; “irudiak frantziskotarren sena, izaera, adierazten duelako. Herrian sartua baina beti itsasoari begira, Izarora begira, euren antzinako komentuari begira”, esan du Beitiak. Eta Bermeoko Udalarentzat ere esker oneko berbak izan ditu ikastolako zuzendariak, “plaka hau jartzerakoan herritarrek ikastola non sortu zen gogoratuko dutelako, eta horrela, urteetan eta, agian, mendeetan zehar, Eleizalde ikastola eta frantziskotarren arteko elkarlana agerian geratuko delako”.
Plaka erakutsi ostean, frantziskotarrek hartu dute berba. Gaurko omenaldia eskertu ostean, duela 50 urte Bermeoko ikastolaren sorreran bidelagun izan zuten Aita Adrianek hartu du hitza. Euskararen aldeko mezua zabaldu du, han bildutakoei herriko hizkuntza erabiltzeko eskatuz.
Ohorezko aurreskuarekin hasi da omenaldia, eta abesbatzak jarri dio amaierako doinua.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.