Lehenengo eguneko ilusio berbera dute
Susi Gonzalez eta Pili Ruiz mundakarrek.
Aurten, 40 urte egingo dituzte lamia modura herriko aratusteetan parte hartzen. Mundakako aratusteei buruz ilusio handiz egiten dute berba, «ileak laztuta» jartzen zaizkie. Urtero-urtero, urduri jartzen direla aipatu dute lamia beteranoek.
Mundakako aratusteetako abestietako batek dio
mundekarrentzat egun hoberik ez dagoela, eta hala uste dute Gonzalezek eta Ruizek ere. Egun batzuk lehenago urduritasuna da nagusi,
urtero baita berezia. Aurten, gainera,
40.urteurrena ospatuko dute.
150 lamia inguruk parte hartuko dute domeka arratsaldeko kalejiran; izan ere, aurten, azkenengoetan kalejiran ibili ez diren baina hasierako taldeko parte ziren lamiek ere herriko kaleak girotzera aterako dira.
Atorrek zein Lamiek
erantzukizun handia daukate, Mundakakoa Euskal Herriko aratusteen artean ezagunenetarikoa baita. «Urtero gauzak ondo egin behar ditugu, gure herriko arastusteen izen ona mantentzeko. Gazteei esaten diegu hau ez dela tontakeria bat, eta erantzukizuna eskatzen diegu. Ez gara mozorrotzen den edozein koadrila, Lamiak gara», azaldu du Ruizek.
Euskal mitologiako lamietan oinarrituta jarri zioten izena taldeari
Taldean gozatzeko asmoz. Gazte-Zar kultur elkartetik sortu zen Lamien taldea. «
Aratusteetako domekako jaia taldean gozatzeko aukera moduan ikusten genuen», dio Gonzalezek. Jarduera berri guztiekin gertatzen den modura, «ilusio handiz» atera ziren kalera orain dela 40 urte, bai eta «beldur eta ardura» apur bategaz, ez zekitelako herritarren erantzuna zelakoa izango zen.
Lehen urte haretan, 25 lamia inguru ibili ziren Mundakako kaleak girotzen. Urte hauetan guztietan, hainbat belaunaldiren arteko erreleboen ostean, taldearen nortasuna «finkatu» egin dela diote. Taldean lamia gutxi batutako urteak ere egon izan direla aipatu dute. Hala ere, den-denetan, hutsik egin barik, kalera atera dira. Ruizek dioenez, «denak umore onean eta gogotsu, gainera».
Euskal mitologian ezagunak diren Lamietan oinarrituta jarri zioten izena taldeari. Gonzalezek azaldu legez, «Lamiak erreka ertzetan eserita, urrezko ile eskuilekin ile luzea orrazten ageri ohi dira beti. Herriko kondaira batek dio herriko Lamiaran auzoan eta Lamerapunten, lamiak, euren kantuekin, arrantzaleak engainatu eta kobazuloetara eroaten zituztela. Hortik taldearen izena».
Hainbat belaunaldik erreleboa egin ostean, taldea «finkatuta» dago
Jantzia, berriz, taldekideen artean asmatu zutela diote. Hala ere, lamien ezaugarri herrikoietan oinarritzen da; adibidez, lamien ile luze eta argia mantentzea erabaki zuten. Jantzia, berriz, beltza izatea erabaki zuten. «Goizean atorrak zuriz janzten direnez, kontrastea egitea zen helburua. Aurpegia, berriz, zuri-beltzez margotuta eramaten dugu, inork ez ezagutzeko».
Mozorroaren atentzioa ilean eta aurpegian jartzea dute helburu.
Laguntza. Hilabete lehenago prestaketekin hasten dira Lamiak; musikariak, aldiz, zertxobait lehenago. Dantzak, abestiak eta musika «ondo prestatu» behar dituzte domeka arratsalderako. Abestien letrak egiteko, askotan, Jabier Olabe herriko abadearen laguntza eduki dutela azaldu dute: «Berak egindako abesti piloa ditugu, musikan aditua baita bera. Gure zain egoten da urtero, eta guk bere etxe ondoan geldialdia egiten dugu abesteko. Bestalde, Benans eta Jon Kepak ere lehenengo urteetan emandako laguntza eskertu gura dugu». Era berean, eta bereziki urteurren honetan, dagoeneko euren artean ez dauden lamiak gogoan izan gura dituzte.
Gaur egun, oraindik, lehen urteko kalejira bera mantentzen dute. Irteera lekua, hala ere, aldatu egin da.
Gaur egun plazatik ateratzen dira; lehen, aldiz, gaur egun,Tribisarrospe Kultur Etxea dagoen lekutik ateratzen zirela diote.
Lamien zaratak eta sortzen duten giroa iluntzera begirakoak direla diote
Lamien ustez,
«garrantzitsua» da arratsaldeko ordua mantentzea;
18:00etan egiten baitute agerraldia herriko plazan. «Batzuek galdetu izan digute zergaitik ez dugun goizez ere kalejira egiten, baina ez litzateke gauza bera. Gure zaratak eta guk sortzen dugun giroa iluntzera begira daude», azaldu du
Gonzalezek. Birritan, hala ere, saiatu izan dira goiz eta arratsaldez egiten, «baina ez zen berdina izan, ohiko giroa apurtzen baita».
Goiza Atorrentzako da, eta, arratsaldea, Lamientzako. Bientzako lekua dagoela diote, «batak besteari protagonismoa kendu barik».
Kalejira amaitzeko, Goiko Kalean, Atorrak eta Lamiak batzen dira, elkarrekin abesteko. Hala ere, hori ez dute beti horrela egin; bai, ordea, azken urteetan. Lamiek diotenez, «oso momentu polita» izaten da.
Kalejira ostean, lamiek elkarrekin afaltzen dute, ondoren, parrandan jarraitzeko. «Kalejiran adi egon beharra daukagu; musika ondo jotzeko edota ondo dantzatzeko. Beraz, parranda, osterako uzten dugu», diote.
Gonzalez eta Ruiz lamia beteranoek 40. urteurrena ospatuko dute, eta jarraitzeko asmoa ere badute, «indarra daukagun bitartean, behintzat, eta orain arte eduki dugun eta daukagun ilusio berberarekin», esan dute.