Kolorez eta mozorroz jantziko dira egunotan herrietako kale eta plazak
Umorea eta giro ona ezinbesteko osagarri bihurtuko dira. Mozorrorik onenek eta taberna eta saltoki dotoreenek sariak izango dituzte. Ikasle, irakasle eta gurasoak kalerik kale aterako dira gaur eta martitzeneanLea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko her...
Umorea eta giro ona ezinbesteko osagarri bihurtuko dira. Mozorrorik onenek eta taberna eta saltoki dotoreenek sariak izango dituzte. Ikasle, irakasle eta gurasoak kalerik kale aterako dira gaur eta martitzenean
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrek inauteriekin hitzordua daukate datozen egunotan. Inauteriek kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroz zipriztinduko dituzte auzo eta herriak, eta eguneroko janzkera alde batera utzita, parean pareko arropak edo mozorrorik landuenak eta originalenak hartu, eta lagun artean gozatzeko egun bereziak izango dira.Umorea eta giro ona ere ezinbesteko osagarri bihurtuko da datozen jaietan, eta egun horietan ondo pasatzeko hainbat jarduera edukiko dituzte aukeran herritarrek. Kalejirak, dantzaldiak, burrunbada, ikuskizunak, jolasak, bazkariak, tostada eta mozorro txapelketak…, giro polita eta koloretsua sortuko dute txoko guztietan.
Urteroko pertsonaien ondoan, Lantzoia, Akula, Pikomelatos eta Gregoritxu, beste hainbat eta hainbat izango dira protagonista, pailazoak, sorginak, astronautak, indioak, piratak eta hippyak, besteak beste. Egindako lanak edukiko du saria, toki askotan janzkerarik originalenak eta parte hartzea sarituko dituzte eta. Eta herritarrek ez eze, kaleek, tabernek eta saltokiek ere kolore eta giro berezia eskainiko dute, horientzat ere egongo da donaria.
Beti-betiko euskal inauteriek ere presentzia edukiko dute herrietan, eta ohitura zaharrak galdu barik kalejiran aterako dira Mundakako Atorrak eta Lamiak, musika jo eta abestera, eta Markina-Xemeingo Hartza, bere zaintzaileagaz, inguruko jendea izutzeko asmoz.
Koreografiak
Lantzeko inauterietako pertsonaiek Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak ere alaituko dituzte kaleak, Bermeoko Alkartasuna eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeen eskutik. Luzaideko inauteria irudikatuko dute ,ostera, Gernika-Lumon.
Txikiek zein nagusiek izango dute inauterietan gozatzeko aukera. Urtero modura, ikastetxe guztietan ospatuko dituzte inauteri jaiak, eta ikasle, irakasle eta gurasoak ikastetxeetatik ere aterako dira azken egunotan ikasitako koreografiak kalerik kale erakusteko. Gaur eskainiko dituzte erakustaldi batzuk, eta beste asko martitzenean aterako dira kalejira ikusgarrietan.
Maskarak eta mozorroak prest, dantzak, kantak eta musikak entsegatuta, ondo pasatzera ateratzea besterik ez da falta, beraz.