Lan istripuak salatzeko protestara deitu dute gaur
Otsailaren 10ean lan istripu baten ondorioz hildako gazte mutrikuarraren heriotza salatzeko protestak deitu dituzte. Gaur, 18:45etik 19:00etara, elkarretaratzea egingo dute Goiko Plazan, Lan istripurik ez! Prekarietatea hiltzailea! lelopean.Protesta, h...
Protesta, hain zuzen ere, 19:00etan hasiko den udalbatzaren ohiko osoko bilkura aurretik egingo da. Izan ere, hildakoak eragiten dituzten lan istripuen aurrean Mutrikuko Udalak protokolo bat bere egin dezan eskatzen duen bost puntuko mozioa aurkeztu du Mutrikuko LAB sindikatuak osoko bilkurak eztabaidatu eta onar dezan.
Mozioan, besteak beste, lan istripuaren ondorioz hildako langile mutrikuarraren familiari eta lagunei elkartasuna adierazi eta udalak lagundu dezakeen eremuetan laguntza ematea eskatuko dute, ekonomikoa barne. Era berean, gertatutakoa argitzeko bitartekoak jartzeko eskatuko diote udalari. «Besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatzea, istripuari buruzko informazio guztia eman dezan». Bide beretik, lan istripua argitzeko bide judiziala zabalduko balitz, udalak herri akusazio moduan aurkezteko konpromisoa har dezan ere eskatuko dute.
Azkenik, istripua salatzeko antolatuko diren mobilazioekin bat egiteko eskatuko diote udalari, eta bide batez, herritar guztiei deituko diete protesta hauetan parte har dezaten.
Bigarren gipuzkoarra
Sindikatuak nabarmendu duenez, gainera, 35 urteko gazte mutrikuarra aurten lan istripuz hil den bigarren gipuzkoarra izan da. «Lan istripuen datuak izugarriak dira. Izan ere, langile hauek euren eta euren familien bizibidea irabazten galdu dute bizitza. Gure jendarte garatu honetan eskura ditugun aurrerapen teknologiko guztiak kontuan hartuta, gertatzen diren lan istripuak onartezinak dira, eta arazo sozial handia daukagula erakusten dute».
Era berean, langileen gutxieneko segurtasuna bermatu beharra dagoela ohartarazi dute. «Lan egiten dugunon gutxieneko segurtasuna bermatu ezin badugu, arazo larria dugu gure jendartean, eta ezinbestekoa da arazoaren oinarrietara jotzea».