Inauteri domekako oilar jokoa berreskuratu nahi du berriz ere Elai-Alai dantzari taldeak. Iaz ez zuten egin, eta aurten horren ardura taldeak berak hartzea erabaki dute dantzariek. Azken urteetan UREk antolatzen zituen Gernikako inauterietan ohitura diren oilar jokoa eta lehorreko kukaina. Iaz, baina, oilar jokorik ez zuten egin, animalienganako tratu txarren praktika izan zitekeelakoan.
Oilar jokoan, Foru plazan
Hala eta guztiz ere, Elai-Alai dantzari taldeak kezka agertu du. Taldeko kide Egoitz Atxikallendek azaldu duenez, «Jai Batzordeak ez du horri buruzko erabakirik hartu, ez da eztabaidarik eman alternatibaren bat eman ahal izateko, esate baterako, Markina-Xemeinen egin duten modura».
Atxikallendek «utzikeria» aipatu du, Gernika-Lumoko inauteriak galtzeko bidean daudela iritzita. «Tristea» deritzo, herrian usadio izan dena inork antolatu nahi ez duelako galtzeko arriskuan dagoelako.
Hala, talde modura, marroen aurreskuaren ostean, oilar jokoa ere egingo dute aurten. «Kaxan plastikozko oilarra sartuko du-
gu, eta dantza taldeko hiru kidek jokoa bera zer den antzeztuko dute. Irabazleari benetako oilarra emango diogu», dio. Hala ere, antzezpenaren parte izango da hori ere; izan ere, oilarra oilategia duen etxe batera eramango dute gero.
1985eko irudia. Herritarrak oilar jokkoan dabiltza (Txebi Arriaga)
Galduta zegoena. Foru plazan antzinatik egiten zen jai tradizionalak marroen aurreskua, oilar jokoa eta lehorreko kukaina –gaur egun merkatu plazan umeen jokoekin batera egiten dutena– biltzen zituen. Galduta zegoena Elai-Alai dantzari taldeak berreskuratu zuen 70eko hamarkadan.
Gerora, udaletxeak hartu zuen bere gain oilar jokoa, eta Elai-Alaiko neska-mutilek marroen aurreskua dantzatu eta urtean-urtean toki bateko edo besteko inauteriak dantzatu izan dituzte. Aurten Luzaideko inauteriak ekarriko dituzte herrira, baina domekan Foru plazan ez dantzatzea erabaki dute, herriko ohiturei balorea eman asmoz.