Tanta gehiago apirilaren 2rako
Errigoitik, Ajangizek eta Gernika Lumok galdeketa egiteko behar besteko babesa lortu dute. Hala, gutxieneko sinadurak batuta, eskualdeko bi herri handienek galdeketa egingo dutela ziurtatu du Gure Esku Dago-k.Busturialdean gero eta gehiago dira apirila...
Errigoitik, Ajangizek eta Gernika Lumok galdeketa egiteko behar besteko babesa lortu dute. Hala, gutxieneko sinadurak batuta, eskualdeko bi herri handienek galdeketa egingo dutela ziurtatu du Gure Esku Dago-k.
Busturialdean gero eta gehiago dira apirilaren 2an erabakitzeko eskubidea gauzatuko duten herriak. Tantaz tanta, olatua handiagoa egingo dute Errigoitik, Ajangizek eta Gernika-Lumok. Hala, beharrezkoak ziren gutxieneko sinadurak batuta, eskualdeko bi herri handienek ere galdeketa egingo dutela ziurtatu du Gure Esku Dago-k.Hala ere, Busturialdeko herrietan apirilaren 2ra ahalik-eta babes handienagaz heltzea dute asmo, eta gutxieneko sinadurak bilduta eduki arren, herritarren parte hartzea ere bilatu gura dute.
Horregatik, kalera atera eta ekimen herritarrak egin dituzte han eta hemen. Foruan, esaterako, auto karabana egin zuten domeka eguerdian. Ostean, sinadura bilketaren amaiera ekitaldian batu ziren herritarrak, eta kantu poteoan heldu ziren bazkalordura. Muruetan, sinadurak batzeagaz batera, txitxiburduntzi eta zozketa egin zituzten domekan.
Ean, berriz, Natxitua, Ea eta Bedaronako bizilagunak bildu ziren zapatuan, ekimen berezia egiteko. Kalejira, Gure Esku Dago abestiaren grabazioa, argazkia eta txokolate jana izan ziren, egun osoko jai giroari eutsiz.
Atzerakontua
Ea, Mendata eta Foruko bizilagunak apirilaren 2rako falta diren egunak kontatzen hasita daude. Horretarako, atzerakontua irudikatzen dituzten panelak jarri dituzte herriotako erdigunean. Hala, egunero-egunero zenbakiak aldatzen joango dira.
Apirilaren 2ari begira, hautesmahaietan egoteko presidente eta bokalak behar dituztela gogoratu du Gure Esku Dago-k, eta izena emateko deia egin diete herritarrei. Bermeon, esaterako, boluntario modura prest dauden herritarrak Gure Esku Dago-k Goiko Plazan duen lokalean eman dezakete izena; boluntarioek NAN txartelaren fotokopia bat eraman beharko dute.
Azken egunetakoak atzean utzita, hurrengo asteburuan ere olatua astintzeko ekitaldiak izango dira Busturialdeko herrietan, eta deialdiei adi egoteko eskatu du Gure Esku Dago-k.