5.000 lagun espero dituzte errefuxiatuen aldeko martxan
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak errefuxiatuen aldeko martxa eta nazioarteko topaketak antolatuko ditu Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenerakoOngi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma ekimen berezia antolatzen ari da apirilaren 29...
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak errefuxiatuen aldeko martxa eta nazioarteko topaketak antolatuko ditu Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenerako
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma ekimen berezia antolatzen ari da apirilaren 29rako; aurten, Gernika bonbardatu zutela 80 urte beteko baitira. Alde batetik, Errefuxiatuekin elkartasunerako nazioarteko topaketa antolatuko dute, eta bestetik, Tipi-Tapa, Tipi-Tapa errefuxiatuen alde ekimena. Apirilaren 29ean eta 30ean, jendetza batu gura dute Gernikan.Ekimen horren baitan, apirilaren 29an, Euskal Herri osotik Gernika-Lumora helduko diren jende zutabeak mobilizatu gura dituzte, oinez zein bizikletaz. 5.000 lagun inguru batzea aurreikusi dute. Horiek guztiak puntu batean batuko dira, ziurrenik, Muxikan, eta, ondoren, Gernika-Lumora sartuko dira denak batera; 17:00etan iritsiko dira Pasealekura.
Zapatuan Astran egin zuten batzarrean zutabe horiek antolatzen ibili ziren, beste hainbat gauzaren artean. Hainbat herritako jendea bildu zen. Gernika-Lumo, Elantxobe, Mungia, Markina-Xemein edota Lekeitioko jendea egon zen, bai eta Gipuzkoa eta Arabako batzuk ere, euren ibilbideak zehazten joateko.
Nati Ovelleiro Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideak azaldu zuenez, esate baterako, Bilbotik oinez aterako den jendea, apirilaren 28an, barikuan aterako da, 16:00ak aldera. Herri ezberdinetako jendea batzen joango dira bidean, eta Larrabetzun egingo dute lo. Apirilaren 29an, 10:00etan aterako dira Larrabetzutik. «Morga gainean batuko gara Mungia ingurutik datorren jendeagaz, eta Muxikan bazkaldu ostean, 16:00etan Gernikarantz abiatuko gara». Helburua, hortaz, zonalde guztietako jendea ordu horretarako Muxikan egotea izango litzateke.
Bilbotik, oinez ez ezik, txirrinduz aterako den zutabea ere badagoela azaldu zuen Marta Abiega plataformako kideak. Horiek zapatuan bertan aterako dira Bilbotik. Basauritik eta Galdakaotik igaroko dira, eta hango herritarrak batzen joango dira. Erletxen, Durango eta inguruetatik datorren jendeagaz batuko dira, Morgara joateko. «Oraindik lanean ari bagara ere, Ezkerraldetik eta Getxotik beste zutabe bat ateratzea espero da, eta Mungiakoekin batera, Morgan batuko ginateke. Handik, Muxikara jaistea da asmoa, beste guztiekin Gernikara joateko», esan zuen Abiegak.
Parte hartzeko gonbitea
Oinez zein txirrinduz egiteko ibilbideak politak direla eta, jendea animatu gura dute parte hartzera, «berezia izango baita». Jendea «parte hartzeko asmoagaz» dagoela dio Ovelleirok: «Orain artekoek baietza eman digute, beraz, parte hartze handia espero dugu».
Errefuxiatuekin elkartasunerako nazioarteko topaketa den heinean, Euskal Herriko jendeaz gain, Espainiatik eta Europatik ere jendea etorriko dela esan zuen Ovelleirok. Topaketa «oso garrantzitsuak» izango dira. Eta zabalak: «Maila guztietarako ekitaldiak antolatuko ditugu».
Apirilaren 30erako (domeka), berriz, tailerrak antolatu gura dituzte. Euskal Herritik zein Espainiako estatuko hainbat lekutatik etorritako lagunak aipatu tailerretan batzea eta gai ezberdinen inguruan hausnartzea dute helburu.
Goizean, bost tailer egongo dira aukeran: emakumea, gerrak, arrazismoa eta xenofobia, ekologia eta kapitalimoa landuko dituzte. Eta arratsaldean, esperientzien trukaketa egin gura dute. 500 lagun ingururen parte hartzea espero dute tailerretan.
Egitaraua zabalik
Oraindik, baina, egitaraua zabalik dagoela nabarmendu dute, eta, jendearen ekarpenak entzuteko prest agertu dira.
Ongi etorri errefuxiatuak Gernika 2017 ekimena bultzatzeko bideoa grabatzeko deia ere zabaldu zuten zapaturako. Beltzez edota arropa ilunekin jantzita joateko deia egin zuten, eta hala bertaratu zen jendea. Inguruko herrietako 100 lagun inguruk bat egin zuten deialdiagaz.