Ortube itsasontzia berreskuratzeko lanetan dabil herritar talde bat, Ortuberen Lagunak. Abuztuan hasi ziren Bermeoko arrantzontzia berreskuratzeko lanak egiten, eta harrez geroztik, 700 ordu egin dituztela adierazi dute. Helburua
Ortube erabilgarri uztea da.
Boluntario bat lanean
Ortuberen Lagunak taldean hamazortzi lagun daude, baina, hala ere, horietako hamabi daude zuzenean boluntario lanak egiten. Hainbat lanbidetako jendea batzen da taldean; «denak dira ongietorriak, bakoitzak bere esperientzia elkarbanatzen duelako», diote. Boluntario guztiek, baina, ondarea zaintzea dute helburu.
Guztiek daukate asegurua, eta beharrezko material eta lan tresnak guztien eskura jartzen dituzte, «nahiz eta horietako askok euren lan tresnak erabiltzen dituzten». Boluntarioen sarrera librea da. Ez dago gutxieneko lan ordurik, bakoitzak ahal duen denbora egiten du. Hala ere, boluntario gehiagoren beharra dagoela nabarmendu dute, eta herritarrak animatu gura dituzte proiektuan parte hartzera.
Ortuberen Lagunak taldeko kideetako bat egindako lanen berri ematen
Jendea animatu aldera, joan den barikuan, Ortuberen Lagunak taldekoek agerraldia egin zuten Nestor Basterretxea aretoan. Egindakoaren berri eman zuten, bai eta aurrera begira egingo dutena azaldu ere.
Egindakoa
Lanak hasi aurretik, egin beharrekoari buruzko dokumentua egin zuten. Mastapaloak kendu zizkioten, eta ura atera ostean, olanekin estali zuten. Gaur egun dituen sei olanekin arrantzontzia ziku dagoela azaldu zuten boluntarioek. Bestalde, lizatze eta kalafetatze lanak egiten hasita daude.
Makineria aldetik ere zenbait hobekuntza egin dituztela azaldu zuten; esaterako, ontziak dagoeneko argia badauka, eta bateria berriak ere jarri dizkiote. Baina beste gauza askotan ere lanean ibili izan dira. Guztia idatzita eta ondo zehaztatu daukate, eta egiten dutenaren argazkiak ateratzen ari dira.
San Pedro egunerako ontzia uretan ikusi gura dute. Behin uretan egonda, makineria, kabinak, sotoak… konpontzeko asmoa agertu dute, «lehengo itxura berreskuratu arte».
«Ondarea, gure nortasuna»
Juan Antonio Apraiz ondarearen garrantzia azaltzen
Bermeoko ondare industrialaren zati bat da
Ortube; hain zuzen ere, Bermeoko arrantza historia oparoaren testigu dela esan zuen barikuko agerraldian Juan Antonio Apraiz
Koiote itsas ikerlariak. Ondarea zaintzearen garrantzia nabarmendu zuen: «Ondarea gure arbasoek utzitakoa da; gure nortasuna, hau da, nor garen eta nondik gatozen azaltzen du. Horregatik ezin daiteke galtzen utzi, guk gure ondorengoei helarazteko aukera eduki dezagun».
Ortube 70eko hamarkadaren amaieran eraiki zen Bermeoko J. Muruaga ontziolan. Bermeoko Construcciones Echevarria arduratu zen muntaketa eta motorra egiteaz.
Ortube %100 bermeotarra dela gogorarazi zuen Apraizek, «osotasunean Bermeon egindakoa, herri gutxik esan ahal dute hori. Hortik aurrera, gainera, ontzi tradizionalak galtzen hasi ziren. Beraz,
Ortube arrantzontzia gure itsas industriaren gorengo puntua izan zen». Batez ere, Atlantikoan arrantzatzeko diseinatu eta egin zen. Euskal Herrian egindako egurrezko ontzirik handienetakoa da, gainera.
Ortube baino egoera txarragoan egon diren ontziak berreskuratu izan direla dio Apraizek. «Gura badugu, eta guztion laguntzagaz, egin daiteke. Ezin dugu hiltzen utzi».
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen ustez, «sentsibilitatea landu beharra dago jendeak ondarea zer den ezagutzeko, bai eta ondarea gordetzea zein garrantzitsua den jakiteko». Ortuberen Lagunak taldea egiten ari den lana goraipatu zuen Bermeoko alkateak: «Edozein proiektu herritarren parte hartzearekin etorrita, askoz ere emaitza hobeak lortzen dira». Hala, herritarrak animatu ditu
Ortube berreskuratzeko lanetan parte hartzera.
Webgune bat ere martxan jarri dute (
www.ortube.es) proiektuaren informazio emateko eta prozesua, egunez egun, zelan doan ikusteko.