Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena da aurten, eta apirilaren 16rako ekimen bateratua aurkeztu dute goizean Gernika-Lumon egindako agerraldian.
Independentistak Sareko kideek adierazi dutenez, haien ibilbidean urrats berri bat ematea erabaki dute; Euskal Herriaren eta euskal herritarren egun-izaera “areagotzeko jauzia” da. Eta aurrerantzean herri eragile gehiagorekin pauso berriak egiteko konpromisoa erakutsi dute.
Izan ere, Aberri eguna Euskal Herriaren eguna dela gogora ekarri dute: “Azken zazpi urteotan euskal herritarrok elkarturik ospatzea izan da Independentistak Sarearen erronka. Hots, alderdien Aberri Egunetik euskal herritarren Aberri Egunera pasatzea”.
Horrela, beste urte batez, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuz, aniztasunean elkarturik eroso parte hartzeko Aberri Eguna izatea da haien helburua. “Euskal Herriak munduko herri guztien artean bere naziotasuna aitortua, eta bere tokia izan behar duela aldarrikatzeko eguna da, eta mundu osoari burujabetza osoa behar dugula adierazi nahi diogu”.
Halaber, Gernika Batzordeko ordezkariek nabarmendu dute Gernika dela gaur egun euskal lurralde guztietako herritarrak maila beretsuan bereganatzen duten “sinbolo partekatu” bakanetarikoa: “Gernikaren esanahi sinbolikoa oso egokia da bizi dugun une historikoa azaltzeko, eta Euskal Herri osoari begien aurrean ispilua jartzeko. Euskal Herriaren historiari aspaldiko garaietatik lotuta, askatasunaren eta nortasunaren marka, txikizioaren eta suntsipenaren sinboloa, berau gainditu eta Euskal Herria berpizkundearen bidean kokatzen duena”.
Urteurren honetan ere Euskal Herriko Foro Sozialarekin elkarlanean, bizikidetza eta memoriaren alorretan sakontzeko ariketa egingo dutela esan dute Gernika Batzordeko kideek.
Gogora ekarri dute Gernika gerraren biktima izan zen legez, gaur egun badirela munduan hamarnaka herrialde egoera berean, eta interes politiko eta ekonomiko “maltzurren” ondorioz, milaka eta milaka pertsona heriotzara kondenaturik daudela: “Orduko Gernikak errefuxiatuak eragin zituen, gaurko Gernikak ateak eta bihotzak zabaltzen dizkie egungo errefuxiatuei. Gernikako Txoriak bere hegalak zabaltzen ditu guzti horiek babestu nahiean”.
Gernika Batzordeko kideek haien aldarrikapenak berretsi dituzte gaurko agerraldian, eta 80 urte igaro direnean suntsitu nahi izan zuten herria zutik dirauela azpimarratu dute: “Bertoko herritarren borondatea, hitza eta erabakia muga bakarra izanik, guk geuk kanpoko esku hartzerik gabe, geure etorkizuna marrazteari eta geure nazioa antolatzeari ekingo diogu”.
- Gernika Batzordearen aldarrikapenak:
- Ikerketa historikoa garatzea, horretarako artxibo zibil eta militar espainiarrak ikerkuntzarako irekiz.
- Gaur egungo gobernu espainiarrak zuzentzea bere garaian gobernu espainiar batek zabaldu zuen agiri larria, euskal gudariek eta errepublikarren aldeko soldaduek Gernika erre zutela esanez.
- Guernica koadroa Gernikara ekartzea.
- Bonbardaketaren ardurak eta erantzukizunak behingoz argituz, justizia eta erreparazioa ekartzea.
- Gernika Euska Herriko Kulturaren, Bakearen eta Askatasunaren Hiri bihurtu, eta artea, sormena, euskal hizkuntza, elkarbizitza, berdintasuna eta zuzenbidea bermatuko dituen Herria eraikitzea.