Udal aurrekontuetarako proiektu ugari aurkeztu ditu Bermeoko EAJk
Aurrekontuen proposamenagaz lanean ari dira Bermeoko Udalean. Jeltzaleen arabera, udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontuen proposamena “ez dago plangintza bateri lotuta, eta ez du epe luzera bermeotarren eta Bermeoren beharrizanak kontuan hartzen”.
EH Bilduk aurkeztu duen proposamena atalka aztertu dutela diote jeltzaleek, eta horretan agertzen diren zenbait partida “aurrekontua doitzeko egokituak” izan direla uste dute, “eta ez, errealitateari aurre egiteko”. Modu horretan, herriaren etorkizuna “hipotekatzeko arriskua” dagoela uste du EAJk.
Jeltzaleek, hala ere, aurrekontu “errealistagoa” osatu asmoz, hainbat proiektu aurkeztu dituzte. Diotenez, arlo guztietako 30 emendakin baino gehiago aurkeztu dituzte udalean. Lameran, haur jolastoki bat estaltzeko diru partida bat sortzeko eskatzen dute. Era berean, txakurrak 24 orduz libre egoteko bi gune sortzeko 16.000 euroko partida bideratzea eskatu dute. Bi gune horiek Burujabetasun zelaian eta Adubidxen jartzeko eskaera egiten dute. Bestalde, Araneko Kiroldegiko kirol hornikuntzak hobetzeko inbertsioetarako 35.000 euroko partida bat sortzea proposatzen dute.
Aurkeztu dituzten proiektuen artean, berriz, Itsasbegin aparkaleku bat egiteko lurren jabeagaz adostasunera iristeko edota desjabetze prozesua egiteko diru partida eta plangintza egitea eskatu dutela azaldu dute. Gainera, Askatasun bidea, Artika bidea, Ander deuna, Almika bidea, Tellaetxe tar Josu eta Erreñezubi kaleak bat egiten duten bidegurutzea egokitzeko proiektua garatzea ere eskatzen diote udalari, bai eta saihesbideko lotura egiten denerako, gune horretako zirkulazioa berrantolatzeko plana egiteko diru partida bat sortzea.
2017ko udal aurrekontuetan “adostasunetara” heltzeko beharrizana dagoela nabarmendu dute jeltzaleek, “udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontuen proposamena irreala eta kontinuista delako”. Jeltzaleen arabera, “lan handia dago egiteke, baina ahalegin guztiak egingo ditugu herritarren iritziak eta ekarpenak jasota egin genuen programan jasotako puntuak aurrera eroan ahal izateko”.