«Sufrimenduaren aurpegiekin gogoeta bultzatu nahi dugu»
Hainbat sarekidegaz batera, 'Aterabidetik' ikus-entzunezkoa estreinatuko dute otsailaren 10ean Jon Rementeriak (Gernika-Lumo, 1984) eta Ibon Meñikak (Zamudio, 1977)Erradiografiak liburuxkaren ostean, Aterabidetik ikus-entzunezkoa dakarzue. Zein helbur...
Hainbat sarekidegaz batera, ‘Aterabidetik’ ikus-entzunezkoa estreinatuko dute otsailaren 10ean Jon Rementeriak (Gernika-Lumo, 1984) eta Ibon Meñikak (Zamudio, 1977)
Erradiografiak liburuxkaren ostean, Aterabidetik ikus-entzunezkoa dakarzue. Zein helburu dauka?Jon Rementeria: Erradiografiak liburuxkaren asmo berari erantzutera dator Aterabidetik dokumentala: hau da, dispertsioak Gernika-Lumon eragiten duen errealitatearen isla izatera dator; errealitate horren aurpegiak jartzera. Gure hurbilean badagoela errealitate hori sufritzen duenik erakutsiko die gernikarrei. Erradiografiak-en osagarri izango den beste pieza bat da, azken baten; beste formatu batean, eta beste disziplina batzuk hartuta.
Zein balore biltzen ditu?
Ibon Meñika: Formatu edo euskarri desberdin bategaz, helburu bera modu zuzenagoan lortu nahi genuen, eta ikus-entzunezkoagaz ikusten genuen inpaktu sozial handiagoa lortzeko aukera geneukala. Bestalde, jakitun ginen bazegoela Gernika-Lumon ikus-entzunezkoen mailan, era batean edo bestean, jar- duten zenik ere.
Beraz, arlo horretan eskarmentua daukaten zenbait herritarren inplikazioa lortu duzue.
J.R.: Prozesua gidoia idaztetik hasi genuen, eta, horretarako, Josu Goikoetxeagaz harremanetan jarri ginen. Besteak beste, bertso saioetan gai-jartzaile aritzen den gernikarra da; komunikazio munduan lanean jarduten dena. Gure helburua ikus-entzunezko alorrean lan egiten duen jende kopuru handienera ailegatzea zen, proiektuan parte hartu eta bat egin zezaten. Hala, Goikoetxeak hiru-lau sortzaile proposatu zizkigun, bere gidoia gara zezaten. Handik abiatuta, Berde produkzioak-eko Zigor Etxebarriagaz, EITBrentzat lan egin duen Xabi Crespogaz eta haren bitartez, Amaia Badiolagaz, ikus-entzunezko ikasketak burutu eta era amateurrean bere lantxoak egin dituen Mikel Beaskoagaz eta, azkenik, Ikus-entzunezko Komunikazio Zientziak ikasten eta Topatu.eus atarirako lanean dabilen Paul Arzanegigaz jarri ginen harremanetan.
I.M.: Ispilu proiektuak errealitate baten isla izatea bilatzen du, eta guk sarea ordezkatzen duen zerbait izatea nahi genuen; non pertsona ezberdinek bakoitzak bere arlotik ekarpenak egingo zituzten. Hala, Goikoetxeak proposatutakoa bat zetorren gure jarrera eta helburuagaz. Hari batetik tiraka eginda, sare bat hedatzen joan da, eta produktu hori eraikitzen eta hedatzen joan da. Kolektibotasunetik abiatutako produktu bilakatu da; non 25 bat pertsonek parte hartu duten. Ikus-entzunezkoa oraindik estreinatu ez badugu ere, helburuaren zati handi bat beteta daukagu; sarea ehundu eta zabaldu baitugu proiektu horren bidez.
Estreinaldia noiz eta non izango da?
J. R.: Otsailaren 10ean izango da, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 20:30ean. Zinemagintzari lotutako erreferentea da Zinekluba gernikar askorentzat, eta guk argi geneukan aurretik egindako harremanari lotuta, elkarlanean egin behar genuela estreinaldia, eta eurak ere oso prest agertu ziren.
I.M.: 25 minutuko ikus-entzunezkoa izango da, baina horrek ez du esan nahi 25 minutuko estreinaldi bat edukiko dugunik. Dispertsioa ardatz hartzen duen hainbat herritarrek egindako proiektu kolektibo baten estreinaldia izango da egun horretakoa, eta horren lotura lana ikus-entzunezkoak egingo badu ere, gauza askoz gehiago egongo dira egun horretan. Zineklubaren prestutasuna itzelezkoa izan da, eta guk horri erantzungo diogu. Azken finean, ikus-entzunezko estreinaldi baten bitartez, Gernikako sarearen ispilu bat bihurtzeko egun bat izatea gura dugu otsailaren 10a.
Zein izango da dokumentalaren ardatza?
I.M.: Norbanakoa gailenduko da, eta horrek eduki ditzakeen pentsamendu, sentimendu, gogoeta, behar, begirada, nahiak… azaleratuko ditu.
Zer erakutsiko dio ikusleari?
I.M.: Guretzako ezagunak ez diren hainbat begirada erakutsiko ditu. Norberak orain arte ikusi izan duen errealitatetik haratago dagoen errealitatearen irudia ikusteko aukera emango digu ikus-entzunezko honek. Beharbada, ez da ezertan aldatuko ordura arteko ikuspuntua, baina, beharbada, balioko du aldatzeko, moldatzeko edo berresteko. Behintzat, gogoeta egitera gonbidatuko dugu herritarra.
Zein hutsune betetzera dator lan berri hori?
J. R.: Dispertsioa euskal gizarte osoari eragiten dion gaia izanik, egin izan dira hainbat gauza Euskal Herri mailan; bai idatziz bai eta ikus-entzunezkoetan ere. Hala ere, herri mailak eskaintzen duen hurbiltasun horretatik lantzeko hutsunea nabaritzen genuen guk.
I.M.: Askotan, modu abstraktuan edota orokorrean berba egiten diren gauzak modu txiki, norbanako edota tokian tokiko horretan galdu egiten dira. Hori dela eta, guk begirada horri arreta berezia eskaini nahi genion. Hala, ikus-entzunezko horrek erralitate hori pairatu duten gernikar guztiak identifikatzea ahalbidetuko du, eta, aldi berean, alboan daukagunaren egoeraz jabe egiteko ere balioko digu. Hala, hausnarketa pertsonala egitera gonbidatuko ditugu herritarrak, horretarako bitartekoak eskainita.
Presoen ingurukoak sakabanaketatik atera behar dira. Zeinena da aterabidea emateko ardura?
J. R.: Horrelako erabaki politiko baten aurrean, erabaki hori hartu duenak dauka horren erantzukizuna. Hala ere, erabakia hartu behar duen horrek erabakia har dezan, herritarrok badaukagu gure erantzukizuna eta eragiteko ardura. Herritarrok, beraz, hartu dezagun esku horretan, mobilizatu gaitezen, eta egin dezagun indar guztiok batera erabaki hori hartu behar duenak bere burua behartuta ikus dezan erabakia hartzera.
Eta dokumentala aurkeztu ostean, zer?
I.M.: Zentzu edo filosofia berari erantzungo dioten hainbat proiektu gauzatuko ditugu, eta badira, dagoeneko, marraztuta dauzkagun zenbait ideia ere: bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, Sare-k zerbait antolatuko du; ekainaren bueltan, orain arte egindako lan guztiaren manifestazio bezalako batera deituko dugu; martxoaren 1ean, Bake Lekugaz batera, Osasuna eta kartzela ekitaldia antolatu dugu… Bagabiltza lanean, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu.