Erregai-hornigailuaren proiektua aztertzeko epea luza dezan eskatu dio Patxi Egurrolak Elantxobeko Udalari
Elantxobeko portuan erregai-hornigailu bat jartzeko proiektua aztertzen dabiltza, eta berau aztertzeko epea, “gutxienez, beste hilabetez” luza dezan eskatu dio Patxi Egurrola zinegotziak Elantxobeko Udalari; izan ere, “Elantxobek azken hamarkadetan esku artean izan duen proiektu garrantzitsuenetako bat” dela uste du elantxobetarrak. “Emandako epea Gabon garaia izan dela kontuan hartu behar da, eta, gainera, ondo irakurri eta aztertzeko legedia luzea eta korapilatsua da. Hori dela eta, denbora gehiago beharko genuke”.
Proiektu horrek, gainera, herriaren etorkizunean “eragin handia” edukiko duela uste du, “bai sozialki eta baita ekonomikoki ere”. Egurrolak dio ez dagoela ez proiektuaren alde ez kontra, baina herrian eztabaida sortu duen gai bat dela argi dauka. Bestalde, proiektuan bertan, jarduera “ekintza arriskutsutzat” izendatuta ageri dela dio, eta horrek herritarren zein kanpokoen artean “errespetua sortzen” duela deritzo.
Gauzak horrela, proiektua aztertzeko epea luzatzeagaz batera, Eusko Jaurlaritzako teknikoak herrira gonbidatzea proposatu dio udalari, “proiektua zertan datzan ulertzen laguntzeko jendeari”. Mota horretako instalazioak dituzten herrietako udaletako ordezkariak ere nahi ditu Elantxoben herriko zinegotziak; hartara, “horien esperientziak ezagutzeko”.
Azken finean, “aldeko eta kontrako iritziak jasoteko aukera ematea” da Egurrolak eskatzen duena, mota horretako instalazioaren beharrizana guztien artean eztabaidatzeko.
Herriko alkate Josu Olagibelek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak egin zion baimen eskaera udalari portuan erregai-hornigailua jartzeko, eta horrek prozedura bat jarraitu behar duela aipatu du. Hala, dioenez, gehienetan, sei hilabeteren buruan eman behar izaten da erantzuna, eta ez egitekotan, onartutzat jotzen da eskaera. Bitartean, proiektua aztertzeko aukera dago, eta baita helegiteak jasotzeko aukera ere.
Olagibelek gogoratu duenez, abenduaren 2an egin zuten osoko bilkura Elantxobeko Udalean, eta hamabost egun lehenago esan zieten zinegotzi guztiei udaletxean jaso zezaketela proiektuari buruzko dokumentazioa, Olagibelen arabera. Beraz,dokumentazioa jaso eta aztertzeko, Egurrolak bi hilabete izan dituela azaldu du, “baina ez da dokumentazio hori bila etorri udaletxera abenduaren erdirarte”, gaineratu du. Hilabetez izan du herritarrak proiektua ikusi eta alegazioak aurkezteko aukera, baina denbora horretan, ez dutela inolako helegiterik jaso azpimarratu du alkateak. Dena den, edozein momentutan aurkez daitezkela alegazioak nabarmendu du eta proposamen guztiak jasoko dituztela gaineratu du; “lanak gauzatu baino lehen, bitartean, eta baita gero ere; betiere, zentzuzko argudioak ematen badira”.
Hori horrela, ez duela prozedura geratzea onartuko dio Olagabilek; “gu udalean ez baikara geldiarazteko sartu, gauzak egiteko baizik, eta proiektuak bere prozedura jarraitu behar du”, argudiatu du. “Ni ez naiz gai hori ondo aztertzeko, beraz, udaletxeko arkitektoari igorri diot dokumentazioa. Hala, berak emandako txostenarekin eman dezaket nik proiektuaren oniritzia, baimen guztiak baditu, behintzat”.
Bestalde, gainontzeko portuetan gasolindegiarekin pozik dauden ala ez galdetzeko beharrizanik ez duela azaldu du Olagibelek; “Joan daitela Egurrola bera hala nahi badu, nik badakit-eta oso pozik daudela gasolindegiarekin. Gainontzeko gasolindegietan, gainera, ez dago kutsadurarik, eta Elantxoben badago, bidoiekin gabiltzalako”.