Paper fabrika botatzeko lehenengo faseko lanak amaitu dituzte
Lurjabeak epeka garbituko du eremua. Eako Udalak lursaila eskuratu, eta aparkalekua, berdegunea eta herriko taldeentzako tailerrak eta biltegiak egin gura ditu bertanEako paper fabrika zaharra botatzeko lehenengo faseko lanak amaitu zituzten joan den a...
Lurjabeak epeka garbituko du eremua. Eako Udalak lursaila eskuratu, eta aparkalekua, berdegunea eta herriko taldeentzako tailerrak eta biltegiak egin gura ditu bertan
Eako paper fabrika zaharra botatzeko lehenengo faseko lanak amaitu zituzten joan den astean. Fabrikako eraikin altuena zena bota dute, eta errekan zeuden materialak ere kendu dituzte.Hain zuzen ere, jausteko arrisku handiena zeukan eraikina da lehen fase horretan eraitsi dutena. Izan ere, zutabeetako bat apurtuta zeukan, eta edozein momentutan behera etortzeko arriskua zegoen. Beste alde batetik, errekara erorita zeuden materialak ere erretiratu dituzte. Besteak beste, fibrozementu eta uralita kendu dituzte.
Eremu kutsatua
Lurzoru kutsatua da, eta pertsonenganako zein ingurumenarekiko arriskuagaz batera, segurtasun arriskua ere egon da.
Lurjabeak udalaren eskariz burutu ditu lanak. Horrela, Banco Popular lursailaren jabeak eremu guztia garbi utzi beharko du, eta lan hori epeka burutuko du.
Izan ere, herrigunetik hurbil dagoen inguru horretara ume eta gaztetxo asko joaten dira, eta zenbait gurasok kezka agertu zuten. Udal arkitektuak eremua aztertu, eta zegoen arriskua ikusita, espediente bat zabaldu zuen, hondamendi arrisku handia zegoela adieraziz.
«Hondamendi egoeraren aurrean ez zen egon alegazioarik. Arkitektuak presako eraiste agindu bat igorri zion jabeari. Hark dena bota edo berreraikitzeko aukera zuen, eta botatzea erabaki zuten. Era berean, dena batera edo epeka bota zitekeen, eta epeka egitea erabaki dute», azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Bigarren gauzatze agindua ere bidali diote lur jabeari, baina oraindik ez dute proiektua aurkeztu, eta, beraz, momentuz ez dago datarik aurreikusita. «Inguru hori urte luzez utzita egon da, eta lurjabearen betebeharra eta erantzukizuna da eraikin edota ondasunak egoera onean mantentzea».
Eako alkateak azaldu duenez, garai batean eremu hori guzti hori publikoa izan zen, eta orain dela legegintzaldi asko saldu, eta etxebizitzak eraikitzeko moduan izendatu zuten. Orduan, etxe agentzia batek erosi zuen, baina hark porrot egitean Banco Popularren eskuetan geratu zen.
Aparkalekua eta biltegiak
Udalaren asmoa lur saila eskuratzea da, eta dagoeneko zehaztuta daukate zer erabilpen eman inguruari.
Zehatz esateko, behin betiko onartu, eta iazko maiatzean argitaratu zuten HAPOn Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aurreikusita dago 213 ibilgailurentzat aparkalekua egitea, bai eta udal biltegi bat eta herriko gremio eta taldeentzako tailerrak eta biltegiak eraikitzea.
Halaber, errekatik eta Urtubiaga burdinolatik hurbilen dagoen partean aisialdirako berdegune bat egin gura dute.
«HAPOn arlo desberdinetan zortzi urtera begira ditugun egitasmoak azaltzen dira. Badakigu agintaldi honetan obra egitea, proiektua gauzatzea ezinezkoa dela, baina gure asmoa proiektua bideratuta uztea da. Espero dugu urte honetan jabeak inguru guztia garbi uztea, eta udalak lursaila eskuratzea. Horretarako ikusi beharko da Banco Popularrak zein borondate duen», zehaztu du Arriolak.