Domekan hasiko da Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketa
Sei bikote ariko dira aurten zein baino zein gehiago. Domekan egin zuten piloten aukeraketa Juan Ignacio Izarra epaile eta pilota aukeratzailearen laguntzagazSei bikotek parte hartuko dute aurten, hamabigarren urtez jokatuko den Trinketeko Beteranoan E...
Sei bikote ariko dira aurten zein baino zein gehiago. Domekan egin zuten piloten aukeraketa Juan Ignacio Izarra epaile eta pilota aukeratzailearen laguntzagaz
Sei bikotek parte hartuko dute aurten, hamabigarren urtez jokatuko den Trinketeko Beteranoan Esku Pilota Txapelketan. Domeka goizean egin zuten pilota aukeraketa eta partiden zozketa. Juan Ignacio Izarra epaile eta pilota aukeratzailearen agindupean, gainera, txapelketarako prestatzen ibili ziren Conde, Telleria, Foster eta Arrate.Datorren domekan, urtarrilak 15, hasiko da martxan txapelketako ligaxka. Hiru partida jokatuko dira: 09:30ean jokatuko dute lehenengoa, eta 10:15ean eta 11:00etan jokatuko dituzte beste biak.
Lehen norgehiagoka Moral (Lekeitio) eta Laka (Mendexa) eta Gandiaga (Berriatua) eta Arrate (Lekeitio) artekoa izango da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Orbea izango da Arraten bikotea, baina gaixorik dagoela eta, bere lekua Gandiaga berriatuarrak hartuko du. «Partida orekatua eta polita izango da», aurreratu dute.
Telleriak (Mallabia) eta Condek (Elgoibar) osatutako bikotea Astigarragaren (Deba) eta Egañaren (Mendaro) kontra ariko da bigarren partidan. Telleria iazko txapelduna da, eta aurten Conde elgoibartarra izango du oraingoan bere atzea zaintzen. «Aurten ere faboritoak ditugu, baina Astigarraga sasoian dago nahiz eta 63 urte eduki, eta Egañak atzean bere maila mantenduz gero, partidua euren alde ipini daiteke», zehaztu dute antolatzaileek.
Animatuta
11:00etan jarriko dira aurrez aurre Jaunarenak (Garzaron) eta Fosterrek (Lekeitio) osatutako bikotea eta Berazak (Elgoibar) eta Etxebarriak (Elgoibar) osatutakoa. «Jaunarena Txantreako txapelketa irabazi berri dator, eta Foster pilota aukeraketan oso seguru ibili da, beraz, bikote sendoa osatzen dute». Elgoibartarrak, berriz, Leniz Gatzagako txapelketa irabazita datozela aitatu dute antolatzaileek, eta animo handiekin omen daude.