Zuluetaren kaleratzea exijitu dute Bilbon eta Lekeition
Ehunka pertsonek parte hartu dute Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazioan. Elkarretaratzea egin da Lekeitioko plazako kiosko aurreanArantza Zuluetaren «legez kanpoko» egoera salatu dute asteburuan Bilbon eta Lekeition. Zuluetaren aldeko plataf...
Ehunka pertsonek parte hartu dute Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazioan. Elkarretaratzea egin da Lekeitioko plazako kiosko aurrean
Arantza Zuluetaren «legez kanpoko» egoera salatu dute asteburuan Bilbon eta Lekeition. Zuluetaren aldeko plataformak deitutako manifestazioak zeharkatu zituzten zapatuan, Bizkaiko hiriburuko kaleak abokatuaren isolamenduagaz amaitu eta kaleratzea exijitzeko. Lekeitioko lagunek deituta, elkarretaratzea egin zuten domekan, Independentzia plazako kiosko aurrean.Isolamendurik ez, dispertsiorik ez, Arantza askatu! lelopean, Arenaletik Alde Zaharrerainoko ibilbidea egin zuten ehunka lagunek Bilboko manifestazioan. Atxilotu zutenetik behin-behineko espetxealdian eta isolatuta egin ditu hiru urte Zuluetak. 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean, eta gaur egun, operazio hartatik bera da behin-behineko espetxealdian jarraitzen duen pertsona bakarra.
Egoera hori guztiz «gehiegizkoa eta legez kanpokoa» dela azpimarratu zuen Lola Gomez Arantza askatu! plataformako kideak manifestazio amaieran Zuluetaren egoera azaltzeko egindako ekitaldian. «Emakumeentzat prestaturik ez dagoen kartzela batean daukate, eta orain dela hiru urtetik funtzionarioak besterik ez ditu ikusten».
Bozgorailu bidez
Azaldu zuenez, «Zulueta egunean soilik bi orduz eta bakar-bakarrik irten daiteke oso txikia den patio batera, eta miaketak egiten dizkiote behin eta berriz».
Zuluetaren kasuari dagokion guztia «larria, araugabea eta arrazoitu gabea» dela ere salatu zuen Zuluetaren aldeko Plataformako kideak. Kanpoan epaiketaren zain egon beharrean, kartzelan mantentzea bera zigorra «gogortzeko» era bat dela azpimarratu zuen.
Lekeitioko kioskoan ipinita daukaten pankartaren aurrean batu nahi izan zuten Lekeition, domekan abokatuaren lagunek eta herritarrek. 13:00etan jarri zuten ordua; aurretik, baina, Zuluetaren egoeraren berri eman zuten herrian zehar bozgorailu bidez.
Zuluetaren egoera salatzeagaz gain, Sare Herritarrak urtarrilaren 14rako euskal presoen eskubideen aldarrikapenerako antolatu duen manifestaziora joateko deia ere egin zuten.