Etxeko hirugarren porrota jaso du Lointek Gernika Bizkaiak
Talde gernikarrak 67-75 galdu du Malosten Al Qazeres Extremaduraren kontra. Bestalde, Chanel Mokango pibotaren fitxaketaren berri eman du klubakLointek Gernika Bizkaiak 67-75 galdu zuen Al Qazeres Extremaduraren kontra zapatu arratsaldean, Malosten.Hir...
Talde gernikarrak 67-75 galdu du Malosten Al Qazeres Extremaduraren kontra. Bestalde, Chanel Mokango pibotaren fitxaketaren berri eman du klubak
Lointek Gernika Bizkaiak 67-75 galdu zuen Al Qazeres Extremaduraren kontra zapatu arratsaldean, Malosten.Hirugarren laurdena erabakigarria izan zen, eta defentsa lanean huts egitea gogor ordaindu zuen etxeko taldeak.
Antonija Misuraren lehen partida izan zen, eta Asurmendi, Pina, Alonso eta Carterregaz osatu zuen hasierako boskotea.
Indartsu kantxaratu ziren etxeko jokalariak, eta besteak beste, Pinak maila oso ona erakutsi zuen hasierako minutuetan.
Era berean, defentsa zein kontraerasoko jokaldietan asmatu zuten gernikarrek. 12-2ko partzialagaz hasi ziren, baina Caceresko taldeak berehala erantzun zuen. 13. minutuan, esaterako, zazpi puntuko aldeagaz aurretik ziren etxekoak (26-19).
Atsedenaldira arte markagailuan aurretik mantentzea lortu zuen Malosteko taldeak. Denboraldiko lehen zatian moduan, defentsan bikain aritu zen taldea, eta erasoan ere ondo jokatu zuten, baina partidaren kontrola bereganatzeko pauso bat ematea falta izan zitzaien.
32-26ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira, eta aldageletatik bueltan heldu ziren etxekoentzat «zorigaiztozko» minutuak.
Hain zuzen ere, Al Qazeres Extremadurak erakustaldia emanda, markagailua iraultzea lortu zuen (45-54).
Garaipena etxean geratzeko dena eman behar zutela bazekiten Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek, eta eginahalean aritu ziren.
Azken minutuak emozioz beterikoak izan ziren, eta Malosteko zaleek gogor animatu zituzten etxeko jokalariak.
57-58ko markagailuagaz partida irekita zegoen, baina Al Qazeresek zertarako gai den erakutsi zuen.
Esaterako, lehia amaitzeko hiru minuturen faltan, 59-67ko markagailuagaz zeuden, eta Naiara Diez kapitainaren bi hirukoak ez ziren nahikoa izan aldea murrizteko.
Pibot berria
Bestalde, klubak atzo jakitera eman zuen Chanel Mokango pibotaren fitxaketa. Horrela, aurrerantzean Kongoko erdilariak beteko du Sandra Pirsic esloveniarraren lekua.
28 urteko jokalariak Quesos El Pastor taldean jokatu du denboraldiko lehen zatian.
Hain zuzen ere, Emakumezkoen Ligan bigarren denboraldia ari da betetzen; aurreko denboraldian Canpus Prometen jokatu zuen.
Mario Lopez entrenatzailearen berbetan, ligan duen esperientzia «erabakigarria» izan da fitxaketa egiteko. Hala, Misuraren eta Mokangoren fitxaketekin denboraldiko bigarren zatian lehenengoaren maila onari eustea espero du Lopezek.
Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak azaldu duenez, Pirsicen antzeko ezaugarriak ditu, eta haren ekarpena defentsa zein erasoko jokaldietan igarriko dela uste du.