«Hara joandakoentzat areriorik txarrena bakardadea zela diote»
Bedaronatik Ameriketara joandako herritarren bizipenak bildu ditu 'Ameriketara' liburuan Esther Korta Gabiola bedarutarrak. Haien bizimodua eta askotariko bitxikeriak jaso ditu.Bertoko eskualdeetako beste hainbat udalerrietatik legez, Eako Bedarona auz...
Bedaronatik Ameriketara joandako herritarren bizipenak bildu ditu ‘Ameriketara’ liburuan Esther Korta Gabiola bedarutarrak. Haien bizimodua eta askotariko bitxikeriak jaso ditu.
Bertoko eskualdeetako beste hainbat udalerrietatik legez, Eako Bedarona auzotik bizilagun asko joan ziren Ameriketara XIX. mende amaieratik XX. mende amaiera arte. Horien istorioak jaso ditu Esther Korta Gabiolak (Bedarona, 1966) Ameriketara liburuan. Emigranteen biloba eta alaba da Korta, eta arbasoei horrelako lan bat kaleratzea zor ziela nabarmendu du.Ameriketako Estatu Batuetara joandako bedarutarren bizipenak jaso dituzu argitaratu berri duzun liburuan. Zer topatuko du irakurleak?
Lehenengo atalean etxetik Ameriketarainoko bidaia, bertako gorabeherak, paperak, artzain beharra, bizimodua, arazoak, arriskuak, jaiak… kontatzen ditut. Bigarren atalean, berriz, Bedaronatik joandako bakoitzaren biografiak bildu ditut. Horretan, Bedaronan jaioak, bertora ezkonduak, berton bizi izandakoak hartu ditut kontuan; Bedaronagaz zer ikusia eduki dutenak. Biogragiak argazkiekin lagunduta ageri dira. Argazki pila bat sartu ditut liburuan, eta euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago idatzita.
Bizimodu hobe bat izateko asmoz joan ziren asko eta asko. Baina, zehatz esateko, zertara edo zergatik joan ziren? Bizimodu gogorra izan al zuten?
Zertan? Lanera, diru apur bat egitera joaten ziren, eta bai, bizimodu gogorra izan zuten, benetan. Hara heldu eta ingelesez berba bat ere ez zekiten, eta ardia zer denik ere ez, eta, bat-batean, 2.000 ardiko artaldearen ardura hartu behar izan zuten. Zer izango ote zen? Gogorra baino gogorragoa. Mendian bizi behar, asteetan inor ikusi barik, hotzari eta arriskuei aurre eginez, bakarrik. Bakardadea zela areriorik txarrena esaten dute.
Han dirua egin, eta aberastuta bueltatu al ziren batzuk?
Denetarikoa dago. Batzuek dirotxoa egin zuten, eta bueltatu zirenean, baserria berriztu eta hobetu egin zuten, eta beste batzuek erosi egin zuten. Ame- riketan ere arrantxo jabe handiak izan dira eta dira Bedaronakoak. Han geratu zirenak euren negozioak ipini zituzten edota herri lanean hasi ziren, familia eraman zuten, badago inoiz bueltatu ez denik, jubilatu ondoren bueltatu denik…
Zertara joan ziren eta han zeukaten bizimodua islatu dituzu liburuan. Horregaz batera, pasadizoak eta bitxikeriak ere jaso al dituzu?
Bai, hala da. Liburuaren lehen zatian idatzi dudan gehiena ahozko lekukotzatik jasoa da. Ameriketan izandakoengandik jasoa, kontu latzak zein barregarriak.
Zein izan da liburua idazteko izan duzun arrazoi nagusia?
Beti izan dut Ameriketara joan zirenen gainean zer edo zer egiteko gogoa. Gure herritik jende asko joan zen kanpora XIX. mende amaieratik XX. mendearen ia amaierara. Filipinetara, Australiara, baina batez ere Ameriketara. Eta horien guztien bizipenak, pasadizoak, bizimodua, gazi-gozoak, istorioak… jakitera eman gura nituen. Izan ere, euren istorioak gure herriaren Historiaren parte dira.
Hara joandakoen artean al daude zure arbasoak?
Bai, ni neu ere emigranteen biloba, iloba, alaba eta loba naiz. Birraitona eta aitona Ameriketara joan ziren, osaba bat ere bai, aita Australiara joan zen… Eta uste dut zor niela holako zer edo zer nire aurrekoei.
Aipatu duzu herritar askok egin zutela Bedaronatik AEBtarainoko bidaia. Kopuru zehatzik ba al daukazu?
Bedaronatik etxe guztietatik joan ziren, bat, bi edo gehiago. Bedaronan familia batzuetatik sei ere joan ziren Ameriketara. 1880 ingurutik 1968ra 260 pertsona topatu ditut. Udalerri osotik ere asko.
Informazio gehiena lekukotzekin jaso duzula aipatu duzu. Zelakoa izan da ikerketa lana?
Etxerik etxe joan naiz. Ameriketara joandako ondorengoekin, senideekin, lagunekin ere harremanak izan ditut. Argazkiak eta informazioa asko eman didate. Horregaz batera, artxiboetan ere arakatu dut. Beti ez da erraza izan; berez, landa lana gogorra izaten da, baina jendeak oso ondo hartu nau, beti izan ditut ateak zabalik; hemen zein Ameriketan. Eureri esker burutu ahal izan dut liburua. Pozik nago. Ameriketara libururako datu asko behar nituen, eta argazkiak ere bai. Eta kostatu zait batzuetan lortzea, ondorengorik ez dagoelako, familiek ez dakitelako, datuak ez zetozelako bat… ez dakit… gainera, nik beti kontrastatzen dut dena, eta ziurra ez bada edo zalantzak baditut, ez dut jartzen. Bi urte eta erdi eman ditut, eta 200 bat orrialdekoa izango zela uste nuenak ia 800 ditu.
Hain zuzen ere, urriaren 22an aurkeztu zenuen Bedaronan liburua, eta bertan material gehiago eman zizuten.
Aurkezpena Europako Ondare Jardunaldien barruan burutu genuen, eta ordurako liburuaren hamar ale izan nituen, jendeak ikusi eta zerbait gehitu edo zuzendu nahi bazuen eskura izateko. Biografietarako argazki gehiago eman zidaten, eta daturen bat zuzendu.
Gaur egun ogibidez euskara irakaslea zara Galdakaoko Udal Euskaltegian. Baina, esate baterako, ikerketa etnografikoa burutzen duen Etniker Bizkaia taldeko kidea ere bazara.
Bai, hala da. Etnografia eta kultur arloko hainbat lan eta proiektu burutu ditut. Besteak beste hauek dira horietako batzuk: Antzinako kontuak liburua, Dantzan bideo sorta, Mendata Estatu Batuetako mendebaldean DVD-liburuaren gidoia, Agricultura en Bedarona monografikoa eta Eako mapa toponimikoa. Bestetik, Urdaibai aldizkariko euskara arduraduna izan naiz.