Esther Korta: "Ameriketara joandakoentzat areriorik txarrena bakardadea zela diote"
Zein izan da liburua idazteko izan duzun arrazoi nagusia? Beti izan dut Ameriketara joan zirenen gainean zer edo zer egiteko gogoa. Gure herritik jende asko joan zen kanpora XIX. mende amaieratik XX. mendearen ia amaierara. Filipinetara, Australiara, baina batez ere Ameriketara. Eta horien guztien bizipenak, pasadizoak, bizimodua, gazi-gozoak, istorioak… jakitera eman gura nituen. Izan ere, euren istorioak gure herriaren Historiaren parte dira. Hara joandakoen artean al daude zure arbasoak? Bai, ni neu ere emigranteen biloba, iloba, alaba eta loba naiz. Birraitona eta aitona Ameriketara joan ziren, osaba bat ere bai, aita Australiara joan zen… Eta uste dut zor niela holako zer edo zer nire aurrekoei. Aipatu duzu herritar askok egin zutela Bedaronatik AEBtarainoko bidaia. Kopuru zehatzik ba al daukazu? Bedaronatik etxe guztietatik joan ziren, bat, bi edo gehiago. Bedaronan familia batzuetatik sei ere joan ziren Ameriketara. 1880 ingurutik 1968ra 260 pertsona topatu ditut. Udalerri osotik ere asko. Informazio gehiena lekukotzekin jaso duzula aipatu duzu. Zelakoa izan da ikerketa lana? Etxerik etxe joan naiz. Ameriketara joandako ondorengoekin, senideekin, lagunekin ere harremanak izan ditut. Argazkiak eta informazioa asko eman didate. Horregaz batera, artxiboetan ere arakatu dut. Beti ez da erraza izan; berez, landa lana gogorra izaten da, baina jendeak oso ondo hartu nau, beti izan ditut ateak zabalik; hemen zein Ameriketan. Eureri esker burutu ahal izan dut liburua. Pozik nago. Ameriketara libururako datu asko behar nituen, eta argazkiak ere bai. Eta kostatu zait batzuetan lortzea, ondorengorik ez dagoelako, familiek ez dakitelako, datuak ez zetozelako bat… ez dakit… gainera, nik beti kontrastatzen dut dena, eta ziurra ez bada edo zalantzak baditut, ez dut jartzen. Bi urte eta erdi eman ditut, eta 200 bat orrialdekoa izango zela uste nuenak ia 800 ditu.“Haien istoriak gure herriaren Historiaren parte dira”
Hain zuzen ere, urriaren 22an aurkeztu zenuen Bedaronan liburua, eta bertan material gehiago eman zizuten. Aurkezpena Europako Ondare Jardunaldien barruan burutu genuen, eta ordurako liburuaren hamar ale izan nituen, jendeak ikusi eta zerbait gehitu edo zuzendu nahi bazuen eskura izateko. Biografietarako argazki gehiago eman zidaten, eta daturen bat zuzendu. Gaur egun ogibidez euskara irakaslea zara Galdakaoko Udal Euskaltegian. Baina, esate baterako, ikerketa etnografikoa burutzen duen Etniker Bizkaia taldeko kidea ere bazara. Bai, hala da. Etnografia eta kultur arloko hainbat lan eta proiektu burutu ditut. Besteak beste hauek dira horietako batzuk: Antzinako kontuak liburua, Dantzan bideo sorta, Mendata Estatu Batuetako mendebaldean DVD-liburuaren gidoia, Agricultura en Bedarona monografikoa eta Eako mapa toponimikoa. Bestetik, Urdaibai aldizkariko euskara arduraduna izan naiz.“Bedaronatik etxe guztietatik joan ziren, 1880tik 1960ra 260 herritar topatu ditut”