Mutrikuko Udalak hainbat kirolari omendu ditu IV. Kirol Galan
Danok Bateko puntistek jaso dute Kirolari Onena saria. Talde onenaren saria Burumendik jaso du eta Kirol ibilbide onenaren saria Benito Romerorentzat izan daDanok Bateko Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor, Burumendi mendi elkartea, Benito Romero et...
Danok Bateko puntistek jaso dute Kirolari Onena saria. Talde onenaren saria Burumendik jaso du eta Kirol ibilbide onenaren saria Benito Romerorentzat izan da
Danok Bateko Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor, Burumendi mendi elkartea, Benito Romero eta Mutriku Arraun Taldeko Xabi Urresti, Egoitz Elezgarai eta Mikel Goenaga saritu ditu IV. Kirol Galan Mutrikuko Udalak.Saria jasotzen lehenak Mendizabal eta Manzisidor izan ziren. Kirolari Onena saria jaso zuen bikoteak, eta puntista gazteei saria emanaz, kirol batzordeak etorkizuna saritu nahi izan du.
Burumendi mendi elkarteko kideek ere pozik jaso zuten Talde onena saria. Duela 62 urte sortu zen elkartea, eta gorabehera guztien gainetik aurrera jarraitzen duela azpimarratu zuten. «Urtez urte baloreak sakontzen eta zabaltzeagatik saritu da elkartea». Halaber, saria ematerakoan Xabier Errazti zena gogoan eduki zuten.
Benito Romero izan zen saria jasotzen hurrengoa. Txirrindularitzaren munduan egindako eta egiten jarraitzen duen lan guztiagatik jaso zuen Romerok Kirol ibilbide onenaren saria. «Esku pilota ere gustatzen zitzaion, baina ez zuen inor eduki horretan laguntzeko, eta txirrindularitzan sartu zen». Mutrikuko Atxukale txirrindu taldearen sorreran egon zen, bai eta atzetik etorri ziren urte luzeetan. «Perfekzionista» eta txirrindularitza guztiz maiten duen pertsona bezala aurkeztu zuten. «62 urte beteko ditu laster, eta modu batera edo bestera, txirrindularitzan egoten jarraitzen du; honek ez du jubilazioan pentsatzen».
Azkenik, Mutriku Arraun Taldeko Xabi Urresti, Egoitz Elezgarai eta Mikel Goenagak Aipamen bereziaren saria jaso zuten. Hiru arraunlariek azken denboraldian Ondarroagaz arraunean egin eta eduki dituzten lorpen guztiak aipatzeaz gain, ilusioz kontatu zuten zelan gauzatu den, 15 urte eta gero, 2017an KAE2-n lehiatuko duen traineru propioa edukitzeko ametsa. «Aipatu behar da baita ere, trainerua Hondarribiak utzi duela, eta arraunak Telmo Deunak».