Zabuan salto, Miribillaraino
Ibon Ajuriagojeaskoak, Onintza Enbeitak, Xabat Galletebeitiak eta Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute bihar. Gozatzea eta gozaraztea da haien helburua.Txapelketan zein plazan, norberak gozatu, eta publikoa gozarazte...
Ibon Ajuriagojeaskoak, Onintza Enbeitak, Xabat Galletebeitiak eta Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute bihar. Gozatzea eta gozaraztea da haien helburua.
Txapelketan zein plazan, norberak gozatu, eta publikoa gozaraztea dute helburu bertsolariek. Bihar ere horregaz asmoagaz oholtzaratuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zortzi finalistak.Final denek daukate zer edo zer berezia. Aurtengoan, zortzi finalisten artean, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bina bertsolari daude: Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (Gernika-Lumo, 1977), Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, 1979), Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio, 1986) eta Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, 1994).
Zabu bategaz aurkeztu eta irudikatu dute aurtengo lehia; «Txapelketa jauzia izan behar da, saltoa», esan zuten, plazara saltoa eta bertsolariek eurek beren bertsokeran saltoa egin behar zutela iradokituta.
Urriaren 15etik zeregin hori izan dute, eta saioz saio bertsozaleengan hamaika barre-algara zein negar-malko eragin dituzte. Beste urte batez, bertsoz bertso hunkitu eta poztu dute lekuan lekuko publikoa.
Bihar ere emoziorik eta zirrararik ez da faltako Miribillako finalistengan zein aulki eta harmailetako bertsozaleengan.
Arratsaldean bertso festa nagusituko da Bilbao Arenan, eta iluntzean argituko da zein den 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren irabazlea. Aurten, plazak uztea erabaki duen Xabier Amuriza Sarrionaindiak jarriko dio txapela irabazleari.
Hark bertsolaritzari ekarritako «iraultza» eta bertsogintzan egindako ibilbide oparoa nabarmendu eta eskertu gura izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak: «Bertso munduko erreferente handia dugu; aro berria ekarri zuen. Dudarik barik, bertsolaritza modernoak eduki duen figura nabarmenetakoa da».
Amurizaren berbetan, «hunkigarria» izango da txapeldunari txapela janztea.
Finalerako gogotsu
Aipatu lau finalistek Miribillara saltoa egin dute, eta orain arte legez, gozatu eta gozarazteko gogotsu daude.
Ibarzabalentzat lehenengo finala da: «Martxoan, udaberriko fasean esan izan balidate, ez nuke sinetsiko. Animikoki ez nintzen oso indartsu hasi txapelketan, nahikoa desmotibatuta egia esan, baina ibilbidean zehar joan naiz pizten».
Finalera sailkatu zela jakin zuenean «poz handia eta bertigoa» sentitu zituela aitortu du, eta egunek aurrera egin ahala, «ardura eta ondo egiteko gogoa» handitzen doazela dio.
«Ez da orain arteko presio berbera, ez da puntuen zain egoteak eragiten duen urduritasun hori. Orain jende eta hedabide kopurua da, batez ere, zirrara sortzen didana», nabarmendu du finalistarik gazteenak.
Hala ere, urduritasunak albo batera utzita, finalean lasaiago eta oso ondo kantatzea da haren asmoa: «Ondo pasatzera noa, eta badakit primeran joango dela jarrera horregaz baldin bagoaz».
Etxahun Lekue larrabetzuarragaz batera, Onintza Enbeita muxikarra da finaleko beteranoa. Haren berbetan, seigarrenez finalean egotea «gauza handia» da. Urduritasunak albo batera uzten saiatu dela dio, baina badaki finaleko goiza oso luzea egingo zaiola.
Galletebeitiarentzat eta Ajuriagojeaskoarentzat, berriz, bigarren finala da biharkoa. Lekeitiarrak azaldu duenez, duela urte bi finalera iristeagaz haren txapelketa eginda zegoela eta maila ematearen beldurra sentitu zituen, baina «presio handiegirik gabe». Baina, aurten, dioenez, egoera ez da bera: «Presio pixka bat sentitzen dut alde horretatik, baina gogotsu nago presio hori nola kudeatuko dudan jakiteko eta saio on bat egiteko».
Basauriko saiorako presio «handiagoa» sumatzen zuela esan du, eta, alde horretatik, orain «zama astun bat» kendu izanaren sentsazioa dauka: «Horrek ez du esan nahi presiorik sentitzen ez dudanik, noski; are gehiago, saiatzen ari naiz neure buruari ere exijentzi edo presio puntu bat ezartzen».
Haren ustez, edozein bertso saioren aurretik urduri ez dagoenak kezkatu egin beharko luke.
Emakume txapelduna
2014koa bezala, final parekidea da aurtengoa ere, lau emakume eta lau gizonezko sailkatu direlako. Emakumeak finalean oholtza gainean bertsotan ikustea ez da albistea, baina emakume batek Bizkaiko txapela janztea nobedadea litzateke.
Ajuriagojeaskoaren berbetan, «posible» da, eta edozer pasatu litekeela uste du.
Aurtengo txapelketan aurrekoan baino hamar emakume gutxiagok eman du izena, eta hori, Ibarzabalen ustez, ez da notizi ona. Haren berbetan, final parekidea izateak ezin du «desitxuratu egoera erreala», prozesu osoa. «Gustatuko litzaidake aurten emakume batek txapela janztea, noski, eta oso posiblea da», zehaztu du markina-xemeindarrak.
Lekeitiarrarentzat «pozgarria» da Bizkaian azken urteetan emakumeek finalean daukaten presentzia eta garrantzia zein den ikustea. «Denbora kontua da emakume txapeldun bat izatea gurean. Ez etorkizunean gertatuko delako, dagoeneko oraina direlako baizik. Aurten izango den? Hala bada, ez dut uste inor harrituko denik. Batek daki, baina gerta daiteke, dudarik gabe».
Enbeitak azpimarratu duenez, nesketako batek irabaztea «historikoa» izango da, eta momentu horren parte izatea «kristona» izango dela argi dauka. Hala eta guztiz ere, lauretako bat aukeratzekotan bera izatea gustatuko litzaioke: «Gurago neuke emakume batek txapela janztea, eta bat aukeratzekotan neure burua aukeratuko dut, nor bestela?».