Gabonetako azoka berezia bisitatuko du Olentzerok
Bermeoko udal merkatu plaza Gabon giroan murgilduko da zapatuan, 09:00etatik 15:00etara. Eskaintza berezia eta umeentzako tailerrak egongo diraBertoko produktuen Gabonetako azoka hartuko du Bermeoko udal merkatu plazak zapatuan. Laugarren urtez jarraia...
Bermeoko udal merkatu plaza Gabon giroan murgilduko da zapatuan, 09:00etatik 15:00etara. Eskaintza berezia eta umeentzako tailerrak egongo dira
Bertoko produktuen Gabonetako azoka hartuko du Bermeoko udal merkatu plazak zapatuan. Laugarren urtez jarraian, bertaratutakoek baserri eta itsasoko bertoko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute.Olentzerok ez du aurten hutsik egingo, eta udal azokan egongo da zapatuan, 11:00etatik 14:00etara. Azoka bisitatzeaz gain, ikazkinak eskutitzak ere batuko dituela azaldu dute antolatzaileek.
Gabonetako azoka bereziagaz, alde batetik, Bermeoko azoka sustatu gura dute, eta adin guztietako pertsonak erakarri gura dituzte. «Batzuek ahaztuta daukate non dagoen udal azoka; batez ere, gazteek», dio Berazel elkarteko bozeramaile Ainhoa Maguregik. Beste alde batetik, sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu gura dutela diote.
30 saltoki
09:00etatik 15:00etara, 30 saltoki inguru aurkitu ahalko dira merkatu barruan zein kanpoan. Horietan «lehen mailako» produktuak jarriko dituzte: arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, txakolina, gozoak, loreak, patea…
Umeak ere udal azokara erakarri asmoz, horientzako tailerrak antolatu dituzte 11:00etatik 13:00etara. Ortutik Ahora elkartearen eskutik, besteak beste, ogia egiten ikasteko aukera edukiko dute modu dibertigarri batean.
Bestalde, Gabonetako argiek, apaingarriek eta musikak Gabonetako azoka berezia girotzen lagunduko dutela jakinarazi dute. 11:00etatik 12:30era, hain zuzen ere, Musika Eskolako haize taldeak, koruak eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak bere abestiekin «giro oso polita» sortuko dutela esan du Amaia Elortza Bermeoko Udaleko Lurgintza zinegotziak.
Gainera, aurten ere, 12:30etik aurrera, sukaldariak bertaratuko dira udal merkatu plazara. Hala, 15:00ak bitartean, Gabonetako menuak dastatu ahalko dira, eta sukaldaritza erakustaldiak eskainiko dituzte. Horrez gain, Ortutik Ahora elkartearen eskutik, Gabonetako menuak egongo dira salgai.
Giro polita sortuko dela eta, Maguregik eta Elorzak pertsona guztiak gonbidatu dituzte zapatuan udal merkatu plazara etortzera.
Arratsaldez ere bai
Bestalde, abenduko bariku arratsaldeetan udal merkatu plaza zabalik egongo dela gogorarazi gura izan dute Berazel elkarteko kideek.
Ohikoaz gain, bertoko garagardo artisauen dastaketa eskaintzen dute. Era berean, arropak edota tresna bereziak trukatzeko aukera ematen duen truke festa egiten dute, Gabonetako lore eskaintza berezia aurki daiteke eta beharrizana duten horiei banatzeko jostailu bilketa ari dira egiten.
Barikuan egin zuten lehenengo saiakera, eta giro polita egon zela esan du Maguregik. Hala ere, hurrengoetan jende gehiago bertaratzea espero dute.