Muxikako auzoetako txokoen arteko II. Bertso Triki Poteoa izan zen zapatuan, eta Ibarruriko Saltsamendi elkarteko kideek egindako bi pintxoek jaso zituzten puntu gehien.
Maumeko txokoan hasi zuten Bertso Triki Poteoa
Herriko sei txokok parte hartu dute aurtengo lehiaketan. Bakoitzak bina pintxo egin zituen; tortillana bata, eta berezia bestea. Besteren artean, pintxo berezietan, errusiar entsalada, atuna gildagaz edota taloa txistorragaz eta askotariko patata tortillak eta nahaskiak prestatu zituzten txokoetako sukaldariek.
Ibarrurikoek bakailao nahaskia pil-pil saltsagaz eta pateagaz eta Pedro Jimenezegaz egindako nahasketa sukaldatu zituzten.
Giro itzela
100 herritar inguruk parte hartu zuten Bertso Triki Poteoan. 16:45ean Kurtzero auzoko aparkalekuan elkartu, eta bi autobusetan irten ziren lehenengo txokora.
Maume, Ajuria, Gorozika, Eleizalde, Ariatza eta Ibarruriko txokoetan egon ziren jan-edanean. EinGO Kantan eta Dantzan taldeko kideen doinuak eta Ander Elortegiren, Julen Ibarguengoitiaren eta Jon Aranoren bertsoak izan zituzten bidelagun. Azken horiek, gainera, Asier Galarza eta Onintza Enbeita herriko bertsolarien laguntza izan zuten Ibarruriko txokoan.
Arratsaldean hasi, eta goizaldeko ordu batak ingurura arte jai giro itzela izan zuten. Antolatzaileak zein herritarrak pozik eta gustura egon ziren, eta horrelako ekimenek herritarrak batzeko zein herriari bizitasuna emateko duten garrantzia nabarmendu zuten.