Konpromiso gehiago eskatu dute Kamiñaldeko mendiko kaltetuek
Atzo bederatzi hilabete bete ziren Kamiñaldeko mendi magala goitik behera amiltzen hasi zela, eta horren harira, agerraldia egin zuten Kamiñaldeko lur jausiak kaltetutakoek. Gorriz jantzita eta gestorako zapi gorriak lepoan ipinita, dozenaka kaltetuk...
Ordu laurden inguruko elkarretaratze isila egin zuten Kamiñaldeko mendiari begira. Txalo artean amaitu dute protesta, eta bukaeran kezkatuta daudela azaldu zuten auzotarrek eta herritarrek.
Euren etxebizitzetara ahalik eta lehen bueltatu ahal izateko, konpromiso eskabidea egin zuten auzotarrek. Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, mesedez, dirua ipintzeko eskatu diote. «Ondarroako Udalak 10 milioiko aurrekontutik 3,5 milioi euro bideratu ditu lanetara, ez dakigu zer zorpetze mailagaz. Alkateari irratian entzun diogunaren arabera, udalak 2 milioi euroko mailegua eskatu du, hamabost urterako. Baina herria ezin da gelditu. Ondarroak aurrera jarraitzea nahi baldin badute, dirua eman beharko dute», azaldu zuen Goizane Zabala Saiñazio mendi azpixan gestoraren bozeramaileak.
«Berririk eza»
Gestorako kideek azaldu dutenez, kezka nagusia «berririk eza» dela nabarmendu dute. «Lanak zirela eta, etxetik kanpo urtebete inguru egin beharko genituela nahikoa argi geratu zitzaigun hasieratik, baina gure kezka nagusia ez dira mendi magalean egiten ari diren lanak. Gure kezka nagusia lan horiek zeinek ordainduko dituen da».
Zabalak gaineratu duenez, eurei ez die axola lanak zeinek ordainko dituen, baina arazoak lanak ordaintzen ez badira edo gelditzen badira izango direla azpimarratu du. «Gure etxeen konponketak zeinek ordainduko duen ez dakigu. Hori ez dago inongo aurrekontuetan kontuan jasota. Martxoa inguruan etxeetan sartu ahalko garela ari dira esaten, eta bai, batzuk euren etxebizitzean sartu ahalko dira, etxebizitzak ondo dituztenak, baina etxebizitzak txarto ditugunok ez dakigu noiz sartuko garen, eta ez dakigu nork ordainduko dituen horiek konponketak».