Luis Baraiazarra karmeldarra omendu dute bere jaioterrian
Euskara Eguna aukeratu zuen Meñakako Udalak Baraiazarrari gorazarre egiteko. Euskararen alde egin duen lan guztia aitortu zioten liburutegiari bere izena jarrizEuskararen Nazioarteko Eguna aukeratu du Meñakako Udalak, herritar guztien izenean, Luis B...
Euskara Eguna aukeratu zuen Meñakako Udalak Baraiazarrari gorazarre egiteko. Euskararen alde egin duen lan guztia aitortu zioten liburutegiari bere izena jarriz
Euskararen Nazioarteko Eguna aukeratu du Meñakako Udalak, herritar guztien izenean, Luis Baraiazarra Txertudi Markina-Xemeingo karmeldarrari gorazarre egiteko. Udalbatzak onartuta, aurrerantzean, bere jaioterriko Udal liburutegiak bere izena eramango du.Espainiako Itzulpen Onenaren Sari Nazionala eman eta ordu batzuk geroago kendu zioten Santa Teresa Jesusena, idazlan guztiak liburua aurkeztu zuen Meñakako udaletxean, Baraiazarrak, eta ondoren, udal liburutegiari Luis Baraiazarra Txertudi, karmeldarra izena emateko ekitaldia egin zuten.
Ekitaldi «sentikor eta gozoa» izan zen zapatukoa. Udaletxeko aretoa lagun, senide eta herritarrez bete zen, eta Meñakak Luis Baraiazarrari zenbat zor dion azpimarratu zuen Aitor Ugarte Torre Meñakako Alkateak. Julen Urkiza idazle karmeldarrak, berriz, Baraiazarrak egindako lana goraipatu zuen, Karmel aldizkarian eta beste hainbat lanetan egindako ahalegina gogora ekarriz. Andres Urrutia euskaltzainburuak, azkenik, Baraiazarrak hiztegigintzan egin duen lan isila aitortzeagaz gain, Espainiako Itzulpen Onenaren Sari Nazionalaren aukeraketan egin zuen bezala, Santa Teresa Jesusena, idazlan guztiak liburuko olerki bat irakurri zien Meñakako udaletxean bildutakoei.
Bertsoak eta kanta
Ohorezko aurreskua dantzatu zioten eta bertso bi ere eskaini zizkion Arkaitz Estiballesek ohorezko euskaltzainari. Horrez gain, bere familiak idatzi bat oparitu zion «familian euskaltzaletasuna kutsatu izana» eskertzeko, eta Gontzal Mendibilek ere kanta bat inprobisatu zuen, Baraiazarraren itzulpenetik ateratako Santa Teresa Jesusenaren olerki ezagun batez baliatuz.