Hamaika aldarri eta ospakizun
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuen Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean, eta 1995ean instituzionalizatu zuten, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginda.Eusko Ikaskuntzak Euskararen Eguna izendatu zuen abenduaren 3a 1949. urtean....
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuen Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean, eta 1995ean instituzionalizatu zuten, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginda.
Eusko Ikaskuntzak Euskararen Eguna izendatu zuen abenduaren 3a 1949. urtean. Geroztik, hamaika ekitaldi egin ohi izan dituzte han eta hemen, euskararen garrantzia nabarmentzeko. Euskararen eguna urteko 365 egunetan izan beharko litzatekela aldarrikatzen dute askok eta askok. Hala ere, beste hainbat dira abenduaren 3an edo aurreko edo hurrengo egunetan euskarari lotutako jarduera eta ekimen ugaritan parte hartzen dutenak. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean ere, hainbat izan dira egindako ospakizun eta aldarrikapenak.Busturialdeko egitaraua, esaterako, aberatsa eta zabala izan da: beste hainbaten artean, ipuin kontaketak, film laburren eta bideoen emanaldiak, mendi martxa, umeentzako jarduerak, kirol jarduerak (herri kirol erakustaldia, herri krosa, zumba saioa…), bertsolariak, magia saioa, grafiti tailerra, taloak egiten ikasteko tailerra… izan dira egunotan aukeran.
Bestalde, hack.in#badakigu Bermeoko informatika elkarte askeak Euskararen Ginkana ekimena antolatu du. «Joko entretenigarri, didaktiko eta erraza da, edonork parte hartzeko modukoa», diote. Eguenera arte hartu ahalko da parte Euskararen Ginkanan. Joko horren bidez hiru helburu lortu gura dituzte: lehenik, teknologia berriak eta software librea sustatzea; bigarrenik, euskara sustatzea; eta hirugarrenik, euskal kultura eta zehazki Bermeoko kultura sustatzea eta zabaltzea. Hala, antolatzaileek Bermeon zehar 10 galdera kokatu dituzte, eta horiek erantzun behar dira. Erantzun ahal izateko, baina, lehenik eta behin galdera argitu behar izango dute parte hartzaileek. Ostean, erantzuna bidali beharko da, jokoan parte hartzen hasi ahal izateko.
Danbor hots eta guzti
Lea-Artibai eta Mutrikura ere ospakizun itxuran etorri da Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurten bertso saio, magia ikuskizun, ipuin, kalejira, kantu eta dantza artean etorri da egun berezia. Zapatuan, esate baterako, Kantujiran atera ziren Mutrikun; Markina-Xemeinen bertso paper lehiaketaren sari banaketa egin zuten; Munitibarren Probatu eta gozatu! jolastu euskaraz! ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten gaztetxoek; eta Ondarroan danborradak hartu zituen kaleak, Hondar Ahua guraso elkartearen eskutik.
12:00etan atera zen danborrada Zaldupe eskolatik. Ume eta nagusiek euskaraz bizitzeko konpromisoa erakutsi zuten, makilak gogotsu astinduz. Arrantzale jantzita egin zuten ibilbidea, Euskarak batzen gaituelako irakur zitekeen pankartaren atzetik. Itsasaurren amaitu zen ekimena, txalo artean.
Lekeition, ostera, Euskararen aldeko jaialdia egin zuten, jendez beteta egon zen Ikusgarri zinema aretoan. Eixu euskara lantaldeko kideek, oro har, euskararen inguruko hainbat datu eman zituzten.
Euskara Eguneko ekimenekin lotuta, gainera, barikuan Ahotsak egitasmoaren aurkezpen ekitaldia egin zuten Mutrikuko udaletxean.
Barikuan, gainera, egun berezia izan zuten ikastetxeetan; umeek eta irakasleek hainbat saio prestatu zituzten gurasoen gozamenerako; jolastokietan dantza, kantu eta antzezlanei egin zieten lekua; Ispasterren, esaterako, kalejiran atera ziren, trikiti doinuak lagun. Markina-Xemeinen, berriz, II. Bera Krosa egin zuten 250 bat parte hartzailek. Herriko hainbat kale gurutzatu zituen euskararen aldeko lasterketak. Guztira, 1.200 metro inguru egin zituzten, musika eta guzti.