Berezko hiztunak
Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezalaxe, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian; hiztunak dira hi...
Irudika dezagun euskara landare bat dela, eta lorontzi batean dugula. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino %70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin zaizkio (gune euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, galerak antzeman dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun berri horiek ez diote bizi-indarrik ematen.
Zer gertatzen ari da? Euskarak lur berri dituen hiztunak etengabe irabazten dituen arren, zergatik ez du indarrik hartzen euskal gizartean komunikaziorako tresna gisa? Erantzuna begibistakoa da: euskararen landareak lur gehiago irabazi duen arren, lur horretan beste bi landare ere badirelako, euskara baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Bi landare horiek sustrai luze eta indartsuak dituzte, eta euskarak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landare horiek euskararen funtsezko bizigaia bereganatzen dute: hiztunak bereganatzen dituzte.
Beraz, nahiz eta euskarak azken 30 urteotan %70 lur gehiago izan; nahiz eta elikatzeko %70 aukera gehiago izan, lur hori elikagai potentziala du, baina ez benetakoa. Euskara elika dezakeen lur berri horrek, hiztun berri horiek ez dute euskara elikatzen, lorontzi berean dauden erdarak elikatzen dituzte. Hiztun horiek horregatik moldatzen dira hobeto erdaraz: bizi-indarra erdarari ematen diotelako eta ez euskarari. Euskararen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak.
Datuek ere horixe diote: EAEko euskaldunen %44 hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino. Horrela dio 2016ko urrian argitaratu berri den VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituen lokatza.