Bihar eta etzi lehiatuko dute Gernika-Lumoko 23. Rallya. Euskadiko Rally Txapelketarako bigarren proba puntuagarria (lehenengoa apirileko V. Lea-Artibai Rallya izan zen) izango dena, Gernika-Lumo, Munitibar, Urrutxua, Zugastietan, Olabarri, Ajangiz, Ibartxu, Belendiz, Nabarniz eta Arratzutik igaroko diren bost tartek osatuko dute.
Proba Bizkaiko Rally Txapelketarako, Euskadiko Sport Erregularitatezko Txapelketarako eta Bizkaiko Sport Erregularitateko Txapelketarako ere puntuagarria izango da. Parte hartzaileak abiadura eta erregulartasun kategorietan lehiatuko dira.
Bertoko pilotuei dagokienez, abiadura kategorian Gernika Racing taldeko sei auto egongo dira. Ander Learreta eta Jesus Urkidi Lotus Exige autoagaz lehiatuko dira, eta Jon Murgialdayk eta Mikel Barandikak Citroen Saxo VTS autoagaz burutuko dute proba. Ford Scort MK2 banagaz ariko dira Aratz Zarakondegi eta Aitor Kortazar eta Ibon Ibarguengoitia eta Mikel Basterra bikoteak.
Anartz Arrietak eta Mikel Zarragoikoetxeak, berriz, Seat 124 FL autoagaz lehiatuko dute rallya. BMW 325I autoa gidatuko du Xabier Sagastizabalek eta Ioritz Odiaga izango da haren kopilotua. Era berean, Ion Ugaldebere kopilotu gernikarrak Natxo Zuluagari laguntzeko ardura izango du (Kenako Trapaga taldeagaz).
Bestalde, Gernika Racing taldeko Luis Urionabarrenetxea eta Ruben Santana Ford Sierra Cosworth-agaz lehiatuko dira, erregulartasun kategorian.
Faborito argirik ez
Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria nagusitu ziren V. Lea-Artibai Rallyan, baina, horiek Espainian beste proba bat dutenez ez dira Gernikan egongo.
Aurten ez dago faborito argirik. Hala ere, Ander Learretak eta Orkar Martinezek, esaterako, sailkapenaren goikaldean egoteko aukerak dituzte. Era berean, Peugeot 208 R2 bana duten Mario Perez eta Mikel Cano eta Roland Holke eta Iñigo Fernandez bikoteak ere garaipena lortzeko lehiatuko dira.
Auto handiek hutseginez gero, txikiagoak dituztenek aukera gehiago izango dute. Adibidez, V. Lea-Artibai Rallyan bigarren sailkatu ziren Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga Etxebarriko pilotua eta Markina-Xemeingo kopilotua horren zain egongo dira. Horiek moduan, Citroen Saxo VTS autoagaz lehiatuko dira Escuderia Sardarako Iñigo Izuzkiza eta Josu Alonso.
87,8 kilometroko tarteak
Rallyak erlojupeko hamar tarte izango ditu, 87,8 km-koak; loturekin 226 km-ko ibilbide osatuz.
Lehia hasteko Gernikatik Lumora igoerako bi tarte egingo dituzte, bihar arratsaldean eta iluntzean.
Zapatu goizean, ostera, pilotuek Munitibarren ekingo diote lehiari, eta Urrutxua eta Zugastieta tartea egingo dute lehen igaroaldian. Jarraian, Olabarria eta Gernika-Lumo tartea burutuko dute. Ondoren, aurreko tarte biak errepikatuko dituzte.
Arratsaldean, berriz, Ajangiz, Ibartxu eta Arratzu, eta Belendiz eta Nabarniz hartzen dituzten tarteak egingo dituzte, bi pasaldirekin.
Sariei dagokienez, modalitate bakoitzeko bost sari emango dituzte, lasterketan eta Sport Erregularitatean azkarrenak diren pilotu eta kopilotuak sarituz. Horiekin batera, Renault Turbo sariak ere banatuko dituzte, modalitate horretako lehen hiru sailkatuentzat.
Ikuskizunaz gozatzera doazen zaleei komisarioen aginduak betetzeko, eta segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu diete antolatzaileek. Izan ere, dena ondo joateko hori ezinbestekoa dela zehaztu dute, horrela ez bada proba bertan behera utzi beharko dutelako.