Euskal Herriko Pirenaika arrazako behien 31. txapelketa egingo dute aurten
Gernika-Lumoko Urriko Lehen Astelehenean. Urtero legez, behi arraza hori hazten duten abeltzainek abelbururik onenak ekarriko dituzte, kategoria ezberdinetan lehiatzeko.
Ekitaldi horretan izaten da Koldo Bilbao, Pirenaika Abeltzainen Konfederazioko (ASGAPI) koordinatzailea, eta, bere esanetan, salmentak ez dira egun horretan garrantzitsuena, ganadutegi eta abeltzainek lortzen duten fama baizik.
Hala ere, abelburuen prezioa 1.700 euroan hasi eta 3.500 euroak erraz gainditu ditzaketela dio, adinaren, tamainaren eta kalitatearen arabera.
Astelehenean 27 ganadutegik parte hartuko dute lehiaketan: hamahiru Bizkaikoak, zazpi Gipuzkoakoak eta sei Nafarroakoak. Guztira, 120 abelburu inguru erakutsiko dituzte astelehenean.
Abelburuak, iazko Euskal Herriko Pirenaika behien txapelketan
Epaileek, besteak beste, honakoak hartuko dituzte kontuan; abelburuak ez oso lodiak ez oso argalak ez izatea; erakuslekutik ibiltzen jakitea eta funtzionalak izatea. Azken finean, animalia arrazaren adierazgarria izatea bilatuko dute, eta kalitatezko haragia sortzeko ahalmena izatea.
Galtzear egon zen arraza
Abelgorria edo euskal behia bezala ezagutzen den behi arraza, garai batean Pirinio mendilerroa osoa hartzen zuen. Baina XX. mendeko 60ko hamarkadan galtzear egon zen, beste arraza batzuk hobetsi zirelako. Abagune hartan, Nafarroako gobernuaren lana erabakigarria izan zen, bertako teknikariek arraza berreskuratzeko egin zuten lanagatik.
Azken hamarkadetan, esnerako, eta, batez ere lehen mailako haragirako erabiltzen den arraza horren kopurua hazi egin da. Gainera, hobekuntza jenetikoen ondorioz, Pirenaika arrazaren ezaugarriak nabarmen aldatu dira, eta Pirinioetan hazten ziren ziren behiekin antza galduz joan dira.
Elarrizketa, Koldo Bilbao ASGAPIko koordinatzailearekin
Zer suposatzen du urriko lehen astelehenak bertaratzen diren abeltzainentzako?
Abererik onenak aukeratzeko lehiaketa bat da, eta abeltzainek urtean zehar egiten duten lana erakusteko aukera. Genetika hobetzeko egiten duten lanaren emaitza ikus daiteke urtero; beraz, haientzako erakusleiho ezin hobea da, salmentarako baino gehiago, abeltzainaren lana ezagutzera emateko.
Pirenaika arrazako behien txapelketa nagusia Elizondon egiten dena da, Espainiako ganadutegiek ere parte hartzen dutelako. Gernikakoan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako abeltzainek parte hartzen dute, lurralde horietan dagoelako Pirenaika arrazaren presentzia nabarmenena.
Horregatik, Gernika-Lumoko Lehen Astelehenetako azoka berezia izaten da. Instalazioek, erakuslekua, karpak eta beste, Pirenaika arrazak duen lehiaketa garrantzitsuenean bilkatzen dute Gernikakoa; batez ere, bisitarien ikuspuntutik.
Zer suposatzen du abeltzainentzako abereen zainketak eta prestaketak?
Abeltzainenek behiak etxekotu behar dituzte, eta erakuslekutik modu egokian ibiltzen erakutsi behar diete. Adibidez, aurten ez da Arabako abeltzainik egongo, bertako ganadutegiak Bizkaia eta Gipuzkoakoak baino handiagoak izaten direlako, eta horrelako lehiaketa batera aurkezteak lan gehigarri handia suposatzen duelako.
Belaunaldi berriak ari dira sartzen, hala ere oztopo asko dituzte
Nongoak dira Bizkaiko abeltzainak?
Durango aldetik datoz gehienak, eta jende gaztea da, animaliekin ilusioz eta gogor lan egiten duena. Gustuko dute egiten duten lana eta abelburuak erakustea, eta horretarako aukera ezin hobea dute Gernika-Lumoko azokan.
Iazko, Euskal Herriko Txapelketako irabazle guztiak batera
Parte hartzen dutenak gazteak direla aipatu duzu. Jarraipena bermatuta dute honelako lehiaketek?
Bai, belaunaldi berriak ikusten ditugu, baina ez da ohikoena. Ondorengotzan lurrak, animaliak eta bestelakoak jaso ezean oso zaila da hutsetik hastea negozio honetan; ezinoezkoa ez esatearren. Baina, hainbat onura dituen lan aukera ere bada; adibidez, lehen mailako elikagaiak ematen ditu, bai okela eta baita esnea ere, horrek sortzen dituen lan osagarri guztiekin. Ingirumenean ere eragin hadia dute, paisaia modelatuz, dena ez dadin basoa eta sastraketan bihurtu… Azken finean, baserri guneetako biztanleria finkatzen duen lanbidea da abeltzainena, baita eragile ekonomiko garrantzitsua ere, beharrezkoak ditugun kalitatezko elikagaiak sortzen dituztelako.
Laguntzak izan badituzte, baina ez dira nahikoak izaten, inbertsio handia egin behar dutelako. Pabilioi bat behar da, baita neguko bazka gordetzeko toki bat ere… Kostu ekonomiko handia du ustiategi bat aurrera ateratzeak.
Abereei dagokienez, zerk bereizten ditu Pirenaika arrazako behiak?
Guretzat haragirako arraza nagusia da. Batez ere, Frantziatik datozen beste arraza batzuetako behiak baino hobeagoa delako, haragiari dagokionez. Horrez gain, bertako larre motara hobekien moldatzen den animalia ere bada. Baina, garrantzitsuena da gurea dela, eta, gainontzeko arrazekin konparatuta, oso haragi ona ematen duela.
Zer hartzen da kontuan Pirenaika arrazako animalia bat saritzeko?
Arraza guztientzako estandar bat dago, eta epaileek mota bakoitzaren zehaztasunetara hobeto egokitzen diren animaliak aukeratzen dituzte. Bestalde, gaitasun funtzionaletan ere arreta jartzen dute epaileek: hanka onak izan ditzala, beren elikagaien bila joateko; morfologia egokia izan dezaten, txahalei bularra modu egokian emateko moduko bularrak izan ditzaten… Zati nobleetan ere jartzen dute arreta, bizkarrean adibidez, bertan daudelako haragirako zatirik garrantzitsuenak. Azken finean, jateko animalia da Pirenaika arrazakoa.